Tolosaldea Bus enpresako langileek bost hilabete daramate greban

2018/06/27
Tolosaldea Buseko langileak greban gaude urte hasieratik. Honen arrazoia enpresak hitzarmen bat negoziatzeari emandako ezezkoa da. Tolosaldea Bus enpresak 3 zerbitzu mota ematen ditu: Tolosako urbanoa, Udaletxearen menpe dagoena, lineako zerbitzua Tolosaldean, Foru Aldundiaren menpe dagoena, eta azkenik, zerbitzu diskrezionala.

Langileen Oharra:

Gaur zuen aurrean agertzen gara bereziki Tolosako Udaletxearen jarrera salatzeko, arau guztiak apurtu dituenak langile bat kalean utziz.

Ekainaren 21ean, pasa den astean, bukatzen zitzaion Tolosaldea Bus-i Tolosako urbanoko kontzesioa, eta konkurtsora aurkeztu zen enpresa bakarra Cuadra Bus izan zen. Momentuan langile bakarra dago zerbitzu horri, urbanora, atxikita. ELAk langile hau Tolosaldea Busetik Cuadra busera subrogatuta pasatu behar dela tinko defendatzen du, lan baldintza eta eskubide guztiekin, legeak jasotzen duen bezala. Aldi berean, langile honek mantenduko luke greban jarraitzeko eskubidea Cuadra busen, bere lan baldintzak duintzeko asmoz.

ELA sindikatuaren iritziz, Tolosako udaletxeak aukera ezin hobea zeukan urbanoko zerbitzua dagokion langilearen baldintzak duintzeko. Hain zuzen ere, beti defendatu izan dugu Udaletxea dela zerbitzu hau ematen duten langileen baldintzen arduraduna. Zerbitzu hau PUBLIKOA da, zerbitzua enpresa pribatu batek edo Udaletxeak ematen duela ere.

Halere, jakin izan dugu Udaletxeak ez duela bere esku zegoena egin kontzesioaren baldintzak hobetzeko. Hori dela eta, Cuadra Bus-ek azkenengo momentuan atzera egin du, eta ez du akordiorik sinatu Tolosako Udaletxearekin.

Egoera honen aurrean, Udaletxeak har zezakeen erabakirik okerrena hartu du. Erabaki du zerbitzua zuzenean ematea udaletxetik, zerbitzu honi atxikita dagoen langilea alde batera utzita, 15 urtez Tolosako urbanoa gidatzen egon eta gero. Erabakirik okerrena izateaz gain, ELAk ilegala dela ulertzen du. Langile hau Tolosako urbanoko zerbitzura atxikita dago zerbitzu hau edonork emanik ere, Udaletxea edo enpresa pribatua izan. Edonola ere, langile hau subrogatuta izan beharko litzateke, bere lanpostua mantenduz.

Gainera, Udaletxeak eta alkatesak berak, Olatz Peonek, erabili dituen formak salatu nahi ditugu, erabakia hartu zuenean bi polizia munizipal bidali baitzituen ELAko Tolosako egoitzara jakinarazpena entregatzeko, erabakia zuzenean guri helarazi beharrean.

Alkatesak erakutsi duen jarrerak ikustarazi egiten digu ze gutxi inporta zaizkion Udaletxeari Tolosaldea Buseko langileak eta 5 hilabete baino gehiago irauten duen gatazka. Tolosako biztanleak kaltetzen dituena, eta bereziki jende heldua, haien mugikortasun gaitasuna gutxitzen baitu.

Azkenik babesa erakutsi digun jende guztiari eskerrak eman nahiko genizkioke, auzokide elkarteei, adibidez Amaroz-i, Tolosako biztanleriari, eta hainbat eragile sozial eta politikoei. Ez dugu etsiko! Tolosako udaletxeari berehalako konponbidea exijitzen diogu!