Trafiko eta SOS Deiak zerbitzuen prekaritateari aurre egitea exijitu diote Eusko Jaurlaritzari

2021/12/29
SOS Deiak-eko (112) eta Trafikoko (011) langileak -biak dira Eusko Jaurlaritzak Lanaldi enpresari azpikontratatutako zerbitzu publikoak- ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGTk deitutako elkarretaratzean izan dira, Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, Gran Via, 85 (Bilbo), bere aldarrikapenak aintzat hartu ditzaten exijitzeko. Langileek 1.800 sinadura bildu dituzte kalean, herritarren aho bateko babesa erakusten duten sinadurak, neurri handi batean Gobernuaren kudeaketa txarra ezagutzen ez zutenen babesa, hain zuzen ere.

 

Elkarretaratzean gogorarazi dute hilabeteak daramatzatela lan-baldintza duinak eskatzen. Hori gutxi balitz, bi zerbitzuen baldintza pleguak argitaratzear daudenean, beldur dira ez ote duten inolako lan-hobekuntzarik jasoko. Bi zerbitzuetako langileek urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan lan egiten dute. Gainera, ez dute subrogaziorik, beraz, langileek antzinatasuna galduko dute zerbitzuak egungoa ez den beste enpresa bati esleitzen bazaizkio. Sindikatuek deitoratu dutenez, “badirudi Eusko Jaurlaritzari ez zaiola batere interesatzen langile horien egonkortasuna. Bitartean, miseriazko soldaten truke zerbitzua indartzera joateko eskatzen die”.