UGT eta CCOO Espainiako patronalaren lan zikina egiten ari dira Ostalaritza alorrean

2017/10/18
UGT eta CCOOk sindikatuek Euskal Autonomi Erkidegoko Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatu dute. Honen eraginez, ostalaritzako langileen soldata %50 arte jaitsi daiteke. Muñozen hitzetan, bi sindikatuak Espaniako patronalaren lan zikina egiten ari dira. Akordio horren sinatzaile diren ELA eta LABek ordezkaritzaren %77,48a dute eta mobilizazioak bultzatuko dituztela aurreratu dute.

Ostalaritzako Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako langileei lehentasunez hemengo hitzarmen kolektiboak aplikatzea lortu zuten ELA eta LABek. Horrela, langileen lan-baldintzak babestu zituzten Madriletik etor zitezkeen murrizketen aurrean.

CCOO eta UGT sindikatuek Euskal Autonomi Erkidegoko Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatu dute. Inpugnazio honek aurrera egitekotan ondorio lazgarriak izango lituzke ostalaritzako Euskal Autonomia Erkidegoko langileengan. Langile batzuen kasuan soldata %50 murrizteko arriskua dago, urtean 8.200 euro gutxiago, eta urtean 50 ordu gehiago lan egin beharra.

ELA eta LABen iritziz, Espainiako bi sindikatuen asmoa argia da, ordezkaritza sindikala monopolizatu nahi dute, bost axola die langile hauen lan-baldintzak. Era berean, sindikatu hauen apustua identitarioa da, estatu osoko langileen lan-baldintzak homogeneizatu nahi dituzte, okerrera homogeneizatu arren, marko estatala defendatzen dutelako. Lan-baldintzen okertzea enpresarien eskutik etorri beharrean sindikatu horien eskutik etortzea eskandaluzkoa da.

ELAko idazkari nagusiak salatu du Eusko Jaurlaritzak aliantza sindikala UGT eta CCOOrekin bilatzen duela, asmo bera duelako, euskal langileek ematen ez duten ordezkaritza sindikala beste batengatik aldatzea. "Aliantza honek markatzen du gobernuaren autogobernuari buruzko aldarrikapena, bake soziala oparitzen dieten sindikatuei ematen nahi diete ordezkaritza, euskal langileen erabaki esparrua ukatzen dutenak izan arren".

Bere esanetan, ez dago autogobernurik negoziazio kolektiboan euskal langileek negoziatzeko eskubiderik ez badute. CCOO eta UGTren salaketa honek erakusten du Madriletik edozein eremutan euskal herritarren erabakitze eskubidearen aurka arituko direla eta, ondorioz, Lehendakariak, langileon defentsan aritu nahi badu, eraso honen aurka irmoki erantzun beharko luke.

ELA eta LABek epaitegietan Akordio Markoaren balioa defendatuko dute baina, horrez gain, euskal langileei mobilizazioaren bitartez bere lan-baldintzak defendatzeko deia egin diete. Beraz, hilaren 24ean elkarretaratzea deitu dute Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.