LA GIPUZKOANA AUTOBUSAK

Greba deitu du ELAk uztailaren 30 eta 31erako

2023/07/26
Enpresako hitzarmenaren blokeo egoera salatu eta lan baldintzak hobetzeko helburuz, grebara jotzea erabaki dute langileek.

Hilabeteak dira enpresa hitzarmenerako negoziaketa esparrua ireki zela baina tamalez, enpresak ez du negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi eta gaur gaurkoz ez dago mahai gainean onargarria den inolako edukirik. Horrela, greba mahai gainean egonda enpresak egindako proposamen bakarra baztertu zuen langileen asanbladak joan den astean.

ELA-k negoziaketa honetan izan duen posizioa argia izan da hasieratik; besteak beste, ezinbestean jardunaldiaren eztabaida 35 orduko lanaldia jomugan jarrita egin behar da eta soldata igoerak KPI adinako igoera jaso behar du gutxienez.

Kontutan izan behar da La Guipuzcoanak Urola eskualdean, Azkoitia zein Eibarren autobus zerbitzu erregularra eskaintzen dituela, hau da, Udalek zein Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitatutako zerbitzuen inguruan ari garela. Enpresaren erantzukizunaz harago beraz, erakundeek ere badute hemen zer esan eta zer bermatu. Zerbitzu publiko duinak izateko, langileen lan baldintzak ere halakoxeak behar dute, eta txartelen prezio murriztea bezain garrantzitsua da langileen lan baldintzak zaintzea.

Egoera honetan, langileek greba deialdiarekin aurrera jarraitu eta lan baldintza duinen alde borrokan jarraitzeko hautua egin dute.