Kutxabankeko langileen % 70ek baino gehiagok bat egin dute ELAk, LABek, ALEk eta Asprobankek deitutako lanuztearekin

2021/02/18
Benetako negoziazioa exijitu du arratsaldean egindako lanuztean, banketxean lan egiten dutenen beharrei erantzungo diena, haien lan-baldintzak okertzea ekarriko ez duen hitzarmen duin bat adosteko ezinbesteko urrats gisa.

ELAk, LABek, ALEk eta Asprobankek salatu dutenez, Kutxabankek, Estatuko banku-sisteman kaudimendunena dela dioen eta 160 milioi euroko irabaziak aitortzen dituen enpresak (2020ko lehen 9 hilabeteetan soilik), lan-baldintzetan murrizketak eta jendearentzako arretan murrizketak baino ez ditu planteatzen, gero eta bulego eta langile gutxiago utziz.

Aurreko hitzarmenaren indarraldia (2015-2019) amaitu zenetik, zuzendaritza bere hitzarmen-proposamena inposatzen saiatu dela adierazi dute, murrizketekin eta lan-baldintzen narriadurarekin, bere proposamena onartzen ez badute enpresak Aurrezkiaren Estatuko Hitzarmena aplikatzea behartuko duen mehatxupean. Estatuko hitzarmena aplikatuz gero, lan baldintza eskasak aplikatuko liratekeela ziurtatu dute sindikatuek. Halaber, gogorarazi dute hitzarmen hori aplikatzeak negoziazioetatik abiatzen diren arauak aplikatzea ekarriko lukeela, eta euskal langileek ez dutela inolako parte-hartzerik izango horietan.

Hala ere, langileen haserrea aspaldikoa da, plantillak txikitzen hasi zirenetik, hain zuzen ere. Izan ere, Kutxabank sortu zenetik 2020ra arte, 1.887 langile gutxiago izan dira, hau da, langileen heren bat gutxiago. Hala, 130 bulego baino gehiago itxi dira EAEn eta Nafarroan, eta beste 300 Estatuko gainerako lurraldeetan. Aitzitik, lan-kargak, plantillaren egungo bolumenera egokitu beharrean, areagotu egin dira, eta horrek amaigabeko lanaldiaren luzapenak eta erakunde horretan lan egiten duten pertsona askoren osasun psikologikoaren murrizketa eragin du.

Gainera, pandemia betean, finantza sektorea funtsezkoa izanik, Kutxabankeko langileak lehen lerroan egon dira "jasanezina" den presio komertzial baten pean lanean.

Sindikatuek aurreratu dutenez, enpresak eskaera horri erantzuten ez badio, ekintza berriak iragarri ditzateke.