PISA emaitzak alde batera utzi eta gure hezkuntza sistemaren beharrei aurre egitea eskatzen du ELAk
Hiru urtero moduan gaur jakitera eman diren 2015eko PISA azterketen emaitzek zalaparta sortu dute bai hezkuntza komunitatean baita jendartean oro har.
ELArentzat azterketa hauek egungo botere ekonomikoek ELGAren (OCDE) eskutik hezkuntza bere interesen menpe jartzeko tresna nagusienetarikoa da. Azterketa hauek enpresa handi eta finantza erakundeek baliozkotzat jotzen dituzten esparruak hartzen dituzte aztergai modu berezian (matematika, zientziak eta komunikazioa) beraientzat baliagarri ez diren gainerako ezagutzak alde batera edo bigarren mailan utziz (sorkuntza, pentsamendua, kritikotasuna, kooperazioa…).
Azterketa hauek mundu osoko hezkuntza baldintzatu eta interes hauen menpe jartzea dute helburu. Horretarako beraien interesetarako “txarrak” diren emaitzak hezkuntza sistemetan aldaketak egiteko presio moduan erabiliz eta emaitza “onak” lortzen dituzten hezkuntza sistemak sarituz. Horri erantzuten diote gure etengabeko hezkuntza erreformek, LOMCE eta Heziberri tartean.
Hezkuntza interes ekonomikoen menpe ezartzeko ahalegin eta tresnen gainetik, ELAk behin eta berriro esan duen moduan, gure hezkuntza sistemak behar nabarmenak ditu eta horri erantzun beharrean gaude.
Bere aberastasunaren baitan, Nafarroako Gobernuak europako bataz-bestekoak baina 1,9 puntu gutxiago inbertitzen ditu, 343 milioi euro gutxiago, eta Eusko Jaurlaritzak 1,3 puntu gutxiago, 842 milioi gutxiago, urrenez urren. Honi azken urteetan eginiko murrizketak gogorrak gehitu behar zaizkio.
Iruñea eta Gasteizko gobernuek gure hezkuntza sistema hobetzeko ezinbestean inbertsioa handitu behar dute. Murrizketa politikak alde batera utzi eta plantilak eta baliabideak gehitu behar dituzte, gelako ikasle kopurua jaitsiz, lan-kargak arinduz, azpiegiturak hobetuz, hezkuntza behar berezietarako baliabideak handituz. Gure hezkuntza sistemak garapen pertsonal eta sozial integrala bermatu behar du, berdintasunean pausoak nabariak eman eta ikasle euskaldun eleanitzak sortu.