EATONeko langileak greba mugagabean

2016/04/27
EATONeko langileak greba mugagabean
Apirilaren 19an multinazional amerikar horren Zuzendaritzak jakinarazi zion Batzordeari kaleratze kolektibo baten prozedura hasteko asmoa zuela, eta horren eraginpean 39 langile geratuko zirela, guztira diren 86 langileetatik. Bestalde, espediente horren ondorioz, enpresak amaitutzat jo ditu behin-behineko kontratu guztiak (15 langile inguru) eta azpikontrata guztiak, Derioko lantegian muntaketa-lanak egin ohi zituztenak.

Enpresak Batzordeari aurkeztu dion dokumentazioaren arabera, gaur egun Derion egiten den ekoizpenaren gehiena deslokalizatu nahi dutela argi dago. Multinazionalak Derioko oraingo ekoizpenaren %75etik gora kanpora eraman gura dute; hori dela-eta, Derioko lantegia ez da bideragarria izango gerora begira.

ELAk salatzen duenez, espediente horren atzean multinazionalaren plan bat dago, gaur egun bideragarri den lantegi bat ixteko. Eta horretarako, txosten eta kabinete oso garestiak ordaindu ditu, eta lan-erreformaz baliatu da, enplegua suntsitzeko aukera errazak ematen baititu, helburu bakar batekin: emaitza-kontua hobetzea.

Enpresa Batzordeak bilera izan zuen atzo Berrikuntza eta Ekonomia Sustapeneko foru ahaldunarekin eta Ekonomia Sustapenerako zuzendari nagusiarekin —Bizkaiko Foru Aldundiko Saileko arduradun gorenak—, eta Batzordearen eskuetan dagoen informazio guztia helaraztearekin batera esku hartzeko eskatu zieten, 35 urtetik gora duen enpresa hori suntsitu ez dezaten. Zoritxarrez esan beharrekoa da orain arte Aldundiak egin dituen saiakera guztiak, multinazionaleko arduradunekin bilera egiteko, Eaton multinazionaleko arduradunek ukatu izan dituztela.

Eaton-go langileek gauza bat dute oso argi, beren etorkizuna kolokan dagoela; eta horregatik gaur greba mugagabe bati ekin diote, lanpostu bakar bat ere suntsitu ez dezaten, eta lantegiaren bideragarritasuna bermaturik gera dadin. Langile guzti-guztiek egin dute bat grebarekin.