Bizkaiko zahar-etxeetako grebari ez zaio irtenbiderik bilatu nahi langileak emakumeak direlako
ELAren agiria
1.- Gabeziak uneoro daude, greba baino lehen baina baita ostean ere. Gainera, gabezia hauek egiturazkoak dira eta ondorio larriak eragiten dituzte erresidentzietako erabiltzaileengan. Egiturazko gabezia horien erantzule zuzenak instituzioak dira:
a) Ratioak:
-
Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak ratioen inguruan ezarritako Dekretua iragan mendekoa da (1.998). Ildo beretik, erabat urria da; ez die erantzuten gaur egun erresidentzietan dauden pertsonen beharrei.
-
Dekretua Eusko Jaurlaritzaren konpetentzia da eta “minimo” batzuk baino ez ditu biltzen. Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiak hobetu dezake, Gipuzkoan egin den bezala.
-
Erresidentzia publiko eta kontzertatuetako langileen ratioak konparatzeko gonbita egiten dizuegu.
b) Zerbitzu publiko baten pribatizazioa:
-
Zerbitzu hau pribatizatu zuen unean Diputazioak bazekien enpresek etekinak lortuko zituztela erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuan aurreztuta eta langile gutxiago kontratatuta.
c) Langileak eta senideak dira, batez ere, egoera hau pairatzen dutenak:
-
Kasu askotan langileak eta senideak dira egiturazko gabezia horiei aurre egin behar dietenak. Izan ere, ezarritako lana gainditu eta euren senideak zaintzen dituzten pertsonei esker egiten zaie aurre gabeziei.
-
Azken urteetan sarri salatu dugu egoera: erresidentzietako egoera, patronalak berak bere txostenetan onartzen duen bezala, oso larria da.
-
Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoek ere (behin eta berriz handitzen dituztenak, patronalak hala eskatuta) ezin dute estali atzean dagoen errealitate gordina: erabiltzaileei zerbitzu duina eskaini ordez, etenika lortzea beste helbururik ez duen sistema horrek gabezia handiak dituela.
-
Erakundeek ez dute kontuan hartu nahi izan langile eta senideek salatutako egoera. Are gehiago, greba egin duten langileak egin dituzte horren erantzule.
2.- Harrigarria da sektoreko patronalen aurrean Diputazioak ezer ez egitea. Momentu honetan patronalak ez du zerbitzurik ematen baina Diputazioak jarraitzen du, ordea, dirua ematen, oparitzen esan daiteke. Kontuan hartu behar da, gainera, txosten ugarik hala egiaztatuta gainera, erabiltzaileek pairatzen dituztela egoera honen ondorioak. ¿Zer gertatu behar da Diputazio Foralak esku hartu dezan eta gaur egun mahai gainean den egiturazko arazo larri hau konpon dezan?
3.- ELAk berriz ere exijitzen du gatazka sozial honi konponbidea ematea. Horretarako, ezinbestekoa da langileen lan-baldintzak hobetzea eta ratioen aldaketa sakona gauzatzea.
4.- Gure iritziz, eta etsigarria da hau, ez dago borondaterik gatazka hau konpontzeko borrokan ari direnak emakumeak direlako.