Celsa Atlantic enpresako langileak greban kaleratzeen aurka
Celsa Atlantic-eko zuzendaritzak, Laminaciones Arregui lantegi ohiak, 352 langileren kaleratzea eta Gasteizko eta Urbinako fabriken itxiera proposatzen dituen Enplegu-Erregulazio Espedientea aurkeztu du.
Atzo arte, 91 langile kaleratzea (guztira 352 langile izanik), soldatak %30 jaistea, eta lanaldiaren %40 malgua izatea planteatzen zuen zuzendaritzak.
Bi hilabete baino ez da igaro Rajoyren erreforma indarrean jarri zenetik, eta Laminaciones Arreguik ez du denbora alferrik galdu neurri-sorta hori guztia mahai gainean jartzeko. Zuzendaritzak 2012ko aurrekontua koadratu nahi du langileen pentzuan, zeren hortik aterako zuen aurrezkia ekitaldi honetan 8 milioi € ingurukoa izango zen. Gogoan eduki behar dira Arreguiko langileek orain arte egin izan dituzten ahaleginak, 2009. urtetik hona soldatak izozturik izan dituzte-eta.
ELAn gauza bat daukagu oso argi: Zuzendaritzak egoeraren errua langileei leporatu nahi die, nahiz eta haiek ez izan egoera hau sortu dutenak. Bankuek krediturik ematen ez dutenez, langileei eskatzen diete mailegua, 8 milioi €-koa, %0 interesean.
ELA sindikatuaren ustez honako hau enpresarien beste xantaia bat dugu; izan ere, bankuek ukatzen dieten guztia langileei ateratzen saiatzen dira itxieraren mehatxupean.
Tamalez, lan-erreforma dela-eta, horrelako neurriak hartzeko prozedura izapide burokratiko hutsen segida da; beraz, gure lan-baldintzak babesteko tresna bakarra mobilizazioak dira.