Apirilean greba deitzeko aukera mahai gainean dagoela ohartarazi dute
Bizkaiko garbiketako langileek ohartarazi dute patronalaren jarrerak bere horretan jarraitzen badu, apirilean greba jardunaldi berriak deituko dituztela. Gaur, negoziazio mahaiaren bilerarekin bat eginez elkarretaratzea egin dute Bilbon. Adierazi dute ez daudela prest sektoreak jasaten duen prekarietatea eta ikusezintasuna onartzen jarraitzeko, eta datozen hilabeteetan mobilizazioak areagotzea ere ez dute baztertzen.
Langileek salatzen dute negoziazioan patronalek sektorearen baldintzak okertzea dutela helburu. Besteak beste, antzinatasun osagarria eta baja osagarria murriztu nahi dituzte, baita oporrak eskatzeko baldintzak gogortu ere. Gainera, ez dituzte sektorearen aldarrikapen nagusiak kontuan hartzen, eta proposatzen dituzten soldata igoerak hutsalak dira, KPIari lotu gabeak. Halaber, uko egiten diote 2025eko urtarriletik negoziazioa hasi zenetik metatutako atzerakinak ordaintzeari.
Egoera honen aurrean, langileek —ELA eta LAB sindikatuek deituta— hainbat greba egun egin dituzte, eta besteak beste honako aldarrikapenak dituzte: 1.500 euroko soldata 15 ordainsaritan, sektoreko lanaldi partzialtasuna murriztuko duen hutsune sistema bat, eta patronalak planteatutako murrizketen erretiratzea.
Bestalde, salatzen dute sektoreko patronala osatzen duten enpresek —ISS, Serveo, FCC, EULEN, besteak beste— etekin handiak lortzen dituztela, baina langileak prekarietate egoeran mantentzen dituztela. Gaur egun, soldata 1.200 euro ingurukoa da lanaldi osoa duten gutxienentzat, eta askok zailtasun handiak dituzte hilabete amaierara iristeko. Horrez gain, lan karga jasanezina dute eta ez dago lanaldi osoa lortzeko aukerarik bermatzen duen neurririk.
Gogoratu behar da partzialtasuna nagusi den sektore feminizatu batez ari garela (11.000 langile ditu), astean 3 orduko lanaldiak izan ditzakete, eta hitzarmenean ez dago lanaldiak handitzeako inolako bermerik. Gainera, soldatak 18.000 € ingurukoak dira kasurik onenean, eta, beraz, ezinezkoa zaie hilabete amaierara iristea. Hori guztia, lan karga handiekin, onartezinak direnak eta plantillen osasunari kalte egiten diotenak.