Congelados de Navarra - Arguedas eta Fustiñana

ELAk estatuko markoa hautsi eta % 21 eta % 36 bitarteko igoerak lortu ditu

ELAk  estatuko markoa hautsi eta  % 21 eta % 36 bitarteko igoerak lortu ditu
Arguedas eta Fustiñanako 800 langileei hitzarmen propioa aplikatuko zaie: lanaldia 28 ordu laburtuko da, 1.200 euroko saria ordainduko da, plusak hobetu eta soldata igoera KPI + 1,5ekoa izango da datozen urteetan.

ELAk lehenengo enpresa-hitzarmena sinatu du Erriberako nekazaritzako elikagaien industria handienetako batean, Congelados de Navarran; horrela gainditu egingo dira UGTk eta CCOOk Madrildik inposatzen dituzten lan-baldintzak eta estatuko lan-hitzarmeneko tauletakoak baino soldata hobeak lortu dira, % 21 eta % 36 bitartean. Congelados de Navarrak bi lantegi ditu, Arguedasen (ELAko 8 ordezkari eta UGTko 5) eta Fustiñanan (10 ELA, 3 UGT, 4 Independenteak); bien artean 800dik gora langilek dihardute.

Prentsaurrekoan Viviana Vanessa Rodriguez Justiniano (Fustiñana) eta Maricela Suarez Henao (Arguedas) ordezkariek azaldu dutenez, hobekuntza nagusia da kategoriarik apalenetan soldata-tauletan izango den igoera, orain arte Madrildik ezartzen baitzituzten UGTk eta CCOOk. Igoera % 21ekoa izango da laguntzaileentzat, % 28koa espezialistentzat, % 30ekoa 2. mailako ofizialentzat eta % 36koa beste kategoria batzuetako langileentzat. Ordainsariak KPItik gora handituko dira (2027an eta 2028an KPI+% 1,5). Gainera, akordioari esker gaueko eta aparteko orduen prezioa handituko da, eta tenperatura baxuak pairatzen diren postu batzuetan plusak ordainduko dira.

Congelados de Navarrako hitzarmen berriaren baitan 3 urtetan lanaldia 28 ordu laburtuko da (12 2026an, 8 2027an eta beste 8 2028an), hau da, lan egiteko 3 egun eta erdi gutxiago izango dira. Lantalde guztiak izango ditu, bestalde, hobekuntzak lizentzietan eta baimen berezietan, eta 1.200 euro gordineko sari bat jasoko du hitzarmena sinatzean. Halaber, ELAk 400 euroko fideltasun-sari bat lortu du; berau 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko zaio enpresan lau urte baino gehiago daraman jendeari. Bestalde, adostu da hitzarmenaren ultraaktibitatea (indarrean jarraituko du haren ordezko beste bat sinatu arte), eta inaplikazio klausula bat, indargabetu ez den lan-erreformatik blindatzen duena.

 

Estatuko Kontserbagintzako hitzarmena gainditu da

Orain arte enpresa honen bi lantegietan estatuko Kontserba Begetalen hitzarmena aplikatzen zen; honek baldintza oso kaskarrak ezartzen ditu, eta urtez urte UGTk eta CCOOk Madrilen inposatzen dute, Nafarroa mailako hitzarmena negoziatzea galarazten dutelarik.

Congelados de Navarrako negoziazioari ekin zitzaion langile talde batek, gehienbat migratuak, ELAren babesarekin antolatzea erabaki zuenean; ordezkari sindikalik ez zegoen lantegiotan hauteskunde sindikalak deitu zituzten. Arazoak arazo, lantaldearen zati handienak sostengua eman zien, baita saritu ere izan zuten ausardia eta sindikalismo ezberdina, borrokalaria, hautatu izana; honi guztiari esker iritsi da lehenengo hitzarmen hau. 

ELAk inplikatu guztien konpromisoa nabarmendu nahi du, batik bat ordezkariena, baina baita gainerako langileena ere. Sindikatu honen helburua betiere antolatzea da, negoziazioa lan-zentroetara hurbiltzea eta Nafarroan negoziatzea, bai lan-baldintzak, baita LGS ere (horregatik deitu du ELAk martxoaren 17rako greba orokorra).