ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari exijitu diote euskal langileon hitza errespetatzea
ELAk eta LABek agerraldia egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak Mikel Torres lehendakariordearen bitartez aste honetan egin dituen adierazpen oso larriei erantzun bateratua emateko. Adierazpen horietan ELAren eta LABen aurkako "ondorioak" iragarri zituen, Imanol Pradalesen Gobernuaren ekimenetan ez badute parte hartzen. Gaurko prentsaurrekoan bi sindikatuetako arduradun nagusiek hartu dute parte: Mitxel Lakuntzak eta Amaia Muñoak (ELA), Garbiñe Aranburuk eta Igor Arroyok (LAB).
Gogoratu behar da ELAk eta LABek EAEko ordezkaritza sindikalaren % 60 baino gehiago dutela, eta Eusko Jaurlaritzak errealitate hori aldatzeko neurriekin mehatxatu duela. Mikel Torresek, Confebaskekin, CCOOrekin eta UGTrekin bildu ondoren, Parte-hartze Instituzionalari buruzko Legea iragarri zuen. “Horrek, ziurrenik, CCOOren eta UGTren sumisio sindikala finantzaketa handiagoa emanez sarituko du eta, besteak beste, martxoaren 17ko greba orokorra bultzatu zuten sindikatuak zigortzen saiatuko du”, kexu dira.
Milaka eta milaka pertsonek LGS propio baten alde (1.500 eurokoa aurten) greba orokorrarekin bat egin eta hilabetera, eta Confebaskek negoziazioari bizkarra eman eta aste gutxira, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian akordioa lortu omen dute Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk (bi sindikatuek % 28 baino ez dute). “Akordio horrek elkarrizketa sozialaren eta sindikalismo otzanaren porrota erakusten du”, diote ELAk eta LABek.
Haien esanetan, akordio horren helburua Eusko Jaurlaritza eta Confebask zuritzea da, eta CCOO eta UGT horretarako prest agertu dira. “Horrek erakusten du, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak izaera autoritario eta esplotatzailea duen patronalaren aldeko politikak egiten jarraitzeko asmoa duela. Eta bestetik, LGS Madrilen zentralizatuta mantentzeko asmoa, Confebaskek nahi duen bezala”. Bitartean, gainera, patronalak ez du betetzen euskal langileen ordezkaritza nagusiarekin negoziatzeko ardura. Azkenik, Mikel Torres lehendakariordeak behin eta berriz uko egin dio ELArekin eta LABekin biltzeari LGSri buruz eztabaidatzeko.
ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari exijitu diote bere mehatxuak eta bere jarrera autoritarioa bertan behera uzteko. Sindikatuek uste dute Pradalesen Gobernuak justizia sozialaren alde eta prekaritatearen aurkako borrokan duen erantzukizuna bere bizkar hartu behar duela, Administraziotik bertatik hasita (bere langileei Estatu osoko behin-behinekotasun handiena inposatzen die, % 35), eta benetan eraginkorra den LGS bat ezarri.
Sindikatuen esanetan, Mikel Torres lehendakariordeak iragarritako akordioak eredu erabat antidemokratikoa indartu nahi du. “Elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioaren atzean, eta parte-hartzearen izenean, Eusko Jaurlaritzak patronalari langileei baino gehiago mesede egiten dioten politikak inposatu nahi ditu. Hori guztia mugarri bat da Eusko Jaurlaritzaren izaera autoritarioan: langileen aurkako eraso zuzena da. Azpimarratu behar da herri honetako langile-klaseak ELAri eta LABi gehiengo babesa ematea erabaki duela behin eta berriz”, kexu dira.