Mobilizazioak EAEko Irakaskuntza Publikoan
Aste honetan zehar mobilizazioak izango dira EAEko unibertsitatez besteko Irakaskuntza Publikoan irakasleentzat duela gutxi ezarritako lansarien osagarri-sistema diskriminatzailearen aurka.
Lansarien pizgarri berri eta diskriminatzaile hauek joan den ekainean Hezkuntza Sailak eta CCOOk gutxiengoan izenpetutako akordioaren ondorio dira. Haien artean adostutakoaren arabera, historian lehenengo aldiz lansari plus bat ezarri da tutoretza baten irakasle titularrarentzat, alde batera utziz irakasle espezialistak.
Gainera, lansari plusik gabe utzi dira, nahiz eta lan bera egin, tutoretzen titularrak ordezkatzen dituzten irakasleak ere, Helduen Irakaskuntza Iraunkorreko pertsonala eta Lanbide Heziketako tutoreen zati bat.
Sistema diskriminatzaile honek giroa oso gaiztotzea ekarri du ikastetxeetan eta dagoeneko ugari dira idatziak, kexak eta ekimenak kaltetuek beraiek hasi eta egin dituztenak. Horrezaz gain ikastetxeen elkarbizitzan eta funtzionamenduan bertan ere arazoak sortzen ari dira, eta lehenbailehen zuzentzen ez badira, ondorio larriak izan ditzakete.
Horregatik, inoiz iritsi behar ez genuen egoera hau salatzeko eta pizgarri hauek guztioi zabaltzea exijitzeko helburuarekin, ELA, STEE-EILAS eta LAB sindikatuek hainbat elkarretaratze antolatu dituzte aste honetarako EAEko hiriburuetan.
Elkarretaratze hauen egutegia, “Lehenengo eta bigarren mailako irakaslerik ez! Osagarriak denontzat!” lelopean egingo direnak, ondorengoa da:
-Asteazkena 14 DONOSTIA 13:00etan Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean (Andia, 13)
-Osteguna 15 GASTEIZ 13:00etan Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean (San Prudencio, 18)
-Ostirala 16 BILBO 13:00etan Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean (Gran Vía, 85)