ikuskizun eta ekitaldietako teknikariak

ELAk bat egin du sektoreko konfrontazio dinamikarekin eta mobilizazioekin

2026/03/05
ELAk bat egin du LAB, ESK, UGT, CCOO eta Teknikariok-ek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien sektorean bultzatutako mobilizazio eta konfrontazio dinamikarekin.

Sektoreko lehen hitzarmena negoziatzen bi urte baino gehiago igaro ondoren, patronalak negoziazioa blokeatuta dauka eta hitzarmenaren bidez, kasu askotan legeak ezartzen dituen gutxienekoen azpitik dauden praktikak legitimatzen saiatu da.

Sektorean ohikoak dira azken orduan jakinarazitako lanaldiak, etengabeko eskuragarritasuna, lan-erritmo abusiboak eta bizitza pertsonala eta familiakoa uztartzea zailtzen duen antolaketa. Gainera, enpresa batzuek langileen ordezkaritzari oinarrizko informazioa emateari uko egiten diote, eskubide sindikalak urratuz.

Lan Ikuskaritzan aurkeztutako salaketek erakusten dute ez dela gatazka puntual bat, baizik eta prekarietate eta eskubideen urraketa egoera estrukturala.

ELAk bat egiten du sindikatu deitzaileen diagnostikoarekin: negoziazioa desblokeatzeko antolaketa, presioa eta mobilizazioa behar dira. Horregatik, iragarritako mobilizazioekin bat egin du eta deituko diren greba, lanuzte eta presio ekintzak babesten ditu, oinarrizko lan eskubideak bermatuko dituen eta enpresen gehiegikeriei mugak jarriko dizkien hitzarmena lortzeko.