Zerbitzu publikoak desegiteko eta enplegua suntsitzeko beste urrats bat

2012/10/31
Zerbitzu publikoak desegiteko eta enplegua suntsitzeko beste urrats bat
Rajoyren gobernuak bidea irekitzen du herri-administrazioek urteko 20 egun ordainduz kaleratzeak egiteko aukera izan dezaten. Zerbitzu publikoak eta ongizate-estatua eraisten jarraitzeko aitzakia perfektua aurkitu dute: Defizit publikoa murriztu beharra; horretarako Konstituzioa ere aldatzera iritsi dira. Administrazioak etengabe ari dira murrizketak egiten, betiere zerbitzu publikoak ahultze aldera. Azken hiletan, gainera, arlo honetan suntsitu diren lanpostuak arlo pribatukoak baino gehiago izan dira.

 

Espainiako gobernuak finantza arazoak zerbitzu publikoetako langileak kaleratuz konpondu nahi ditu. Behin-behineko langileak kaleratuz hasi ziren. Orain, lege-dekretu hau erabiltzen dute laboralak botatzeko eta, etorkizunean, administrazioaren erreforma baliatuko dute zerbitzu publikoak oraindik gehiago murrizteko. ELAk betidanik zerbitzu publikoetako langileen egonkortasuna defendatu du, edonolako baldintza juridikoen gainetik.

Erreforma laboralak erregulazio espedienteak (hots, kaleratze kolektiboak) egitea ahalbidetzen zuen, herri-administrazioen mendeko erakunde edota sozietate merkantil guztietan. Orain Madrilen erabakitako araudiak bide horri eusten dio eta are gehiago errazten ditu kaleratzeak. ELAk, eraso hau ikusirik, berretsi egiten du enplegua eta zerbitzu publikoak mantentzearen aldeko bere jarrera.

ELArentzat, langile publikoak kaleratzeko argudiatzea aurrekontu-gastua jaitsi behar dela, dagokion administrazioari karta zuria ematea da, nahi duena egiteko, aurrez inongo eztabaidarik gabe eta erabaki oso zalantzazkoak oinarritzat hartuta.

Aldaketa honek agerian uzten du Rajoyren gobernuari bost axola zaiola enplegua suntsitzea, publikoa nahiz pribatua dela ere. Erakundeei exijitzen diegu enpleguaren eta zerbitzu publikoen alde egin dezatela eta ez daitezela hauteskunde-leloak errepikatzera mugatu.