METROPOLITAN DONOSTIA

Langileek hiru hilabete bete dituzte greba mugagabean, negoziazioan aurrerapenik gabe

2026/07/16
Langileek hiru hilabete bete dituzte greba mugagabean, negoziazioan aurrerapenik gabe
Artxibo irudia
ELAk salatu du negoziazioaren blokeoa, greba eskubidearen urraketa eta zerbitzua okertu arren bazkideei kuota osoa kobratzen jarraitzea.

Donostiako Metropolitan klubeko langileek hiru hilabete bete dituzte greba mugagabean, joan den apirilaren 13an hasi zenetik. ELAk salatu du enpresaren zuzendaritzak negoziazioa erabat blokeatuta duela, eta adierazi du ez diola erantzun langileek egindako proposamen bakar bati ere, ezta gatazka desblokeatzeko asmoz batzordeak jarrera malgutu ondoren ere.

ELAk ohartarazi du enpresa greba eskubidea urratzen ari dela. Orain arte, sei salaketa aurkeztu ditu Lan Ikuskaritzan, greban dauden langileak legez kanpo ordezkatzeagatik: besteak beste, kanpoko garbiketa enpresak kontratatzeagatik, greban ez dauden langileei bestelako eginkizunak esleitzeagatik, aurrez grabatutako klaseen bideoak emateagatik eta jarduerak erabiltzaileek eurek gidatzeagatik.

Bestalde, ELAk kritikatu du Metropolitanek ia 5.000 bazkideri kuotaren %100 kobratzen jarraitzen diola, ematen den zerbitzuaren kalitatea nabarmen okertu den arren. Izan ere, zerbitzua langile gutxiagorekin eta inprobisatutako klaseen bidez eskaintzen ari dela salatu du.

ELAk gogorarazi du gatazkaren jatorria enpresak lan baldintzak hobetuko lituzkeen enpresa hitzarmen propio bat negoziatzeari uko egitea dela. Egungo soldatak gutxieneko soldatari lotuta daude, eta lanaldiak lurraldeko hitzarmenak ezarritakoak baino luzeagoak dira.