Eusko Jaurlaritzak Lan-Arriskuen Prebentziorako Fundazio Laboraleko funtsak eskatu ditu
1. Joan den ostegunean, irailak 5, Osalanen ohiz kanpoko Kontseilua bildu zen, eta erabaki zuen (Jaurlaritzaren, CCOOen, UGTren eta Confebasken aldeko botoekin) EAE aurkeztea estatu mailako Laneko Arriskuen Prebentziorako Fundazio Laboralaren funtsak banatzeko deialdira.
2. Deialdi hori urtero egiten da Laneko Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutualitateen soberakinetatik datozen funtsekin, besteak beste, “prebentzioko zeharkako lurralde-ekintzak” egiteko.
3. ELAk eta LABek gai honetan posizio politiko berari eutsi izan diote: funts horiek EAEren esku jarri behar dituzte zuzenean. Baliabide horiek EAEko mutualitateen soberakinekin ere osatzen dira, eta horrenbestez kotizazio sozialen zati bat dira, eta hauei buruzko eskumena geure esku dago.
4. EAJko aurreko gobernuak posizio politiko honekin bat zetozen, eta estatuko fundazio laboralaren deialdietara aurkezteko aukera baztertu egiten zuten. Haatik, PSEren Jaurlaritzak irizpide hori aldatu egin zuen, eta EAE beste edozein autonomia-erkidegoren pare jarri zuen.
5. Beste arrazoi batzurekin batera, erabaki politiko horren ondorioz ELAk eta LABek Osalango Kontseilu Nagusiko parte hartzea eten egin zuten 2010eko uztailean, Jaurlaritzak bere eskumenei uko egiten ziela ulertu baitzuten, eta horrek lan-osasuneko eredu propioa garantzerakoan atzerakada handia zekarrela.
6. Irailaren 5eko erabaki honekin Urkulluren gobernuak gai honekiko posizio historikoa aldatu du. Argudiatuz axola duena dirua iristea dela, bere posizio politikoa baztertu eta eredu estatala onetsi egiten du. Madrilen “leihatila” bihutzen gaitu.
7. Diru publiko hori onartzeak atea irekitzen dio funtsak banatzeko eredu jakin bati, eta horri esker Confebask, CCOO eta UGT finantziatuko dira. Hiruren artean 725.414 euro banatuko dituzte.
Teorian diru hori prebentzioa zabaldu eta berari buruz aholkularitza eta sentsibilizatzeko kanpainetara bideratu behar da, baina praktikan eragile horiek finantzatzeko bide estruktural bilakatu da, duela hainbat urte Nafarroan gertatzen den moduan. Funts horien jarraipen eta kontrol seriorik ez da egiten.
8. Jaurlaritza honek baztertu egiten du eredu propioaren alde egiteko aukera, baita lan-osasunaren gaiean ere, hainbesteko garrantzia izanagatik; lan-harremanen eta gizarte-babesaren euskal esparruan beste atzerapauso bat izan da, beraz. Goitik behera porrot egin duen lan-osasuneko eredu espainiarra ontzat ematen da, lehentasuna prebentzio laboralari baino gizarte-eragileen finantziazioari ematen dion arren.