Muñoz: "Estatalizazioak soldatak jaistea eta euskal langile-klasea pobretzea dakar"
ELAko idazkari nagusiarekin batera Bizkaiko egoitzetako, TMB enpresako eta Gipuzkoako errepideetako ordezkariek eta Joseba Villarreal eta Laura Gonzalez Txabarri batzorde eragileko kideek hartu dute gaur goizeko ekitaldian Gasteizen.
Muñozek azaldu du ELAk nolako sindikalismoa nahi duen. Bere hitzetan ELAren hautua jendea antolatzea eta borrokatzea da. Horretarako, autonomia sindikala indartu behar dela azpimarratu du, eta harrotzeko modukoa dela afiliatuak izatea eta libre izatea nahi dugun aldarria egiteko, inori baimena eskatu gabe.
Txikik adierazi duenez, "sindikatuak ezin dio egundo uko egin helburuak eta estrategia finkatzeari, enplegu duinak eta eskubide sozialak dituen gizarte justuagoaren alde borroka egiteko" adierazi du.
ELAko idazkari nagusiak adierazi du intolerantzia gero eta handiagoa dela menpeko izateko prest ez daudenekiko. Boterean daudenek uste dute doikuntzak, murrizketak eta erreformak egiteaz gainera erakunde politiko, sozial eta sindikal guztiak diziplinatzeko gauza direla.
Muñozek gogora ekarri du EAJren Bizkai Buru Batzarreko buruak duela gutxi esandakoa: “ELAk beldurra ereiten du afiliatu berriak bereganatzeko; nahiago dute enpresak muturreraino eraman kuota gehiago lortzekotan, laguntzeko ahalegina egin baino. Horiek kalte egiten digute”. "Izugarria da. A zer maila eta errespetu falta!", esan du.
Muñozek gezurtatu egin du ELAk negoziazio mahaietan parte hartzen ez duenik. "Egon behar dugun mahaietan gaude; ez ditugu hitzarmenak blokeatzen, eta euskal hitzarmenak babesteko Lanbidearteko Akordio bati uko egin diona Confebask izan da. Bukatu dira gezurrak".
Azkenik, Jaurlaritza eta patronala eta UGT eta CCOO sindikatuak pobretzen gaituen estatalizazioarekin bat datozela esan du. "Patronalak hori baliatzen du, baldintza okerragoak sinatzeko xantaiarako tresna gisa. CCOOk eta UGTk horrekin ordezkaritza-monopolio moduko bat izan nahi dute; gainera, “kanon sindikala” delakoarekin beren antolakundea finantzatu nahi dute. Denbora kontua da. Ez digute guri zertan negoziatzeko aukera ukatu, baina horixe egiten dute. Zapateroren erreforma laboralaz baliatzen dira soldaten jaitsiera ezartzeko. Estatalizazioa soldatak jaitsiarazteko eta gure gizartea pobretzeko estrategia da".