Eusko Jaurlaritzak administrazioan 35 orduko lanaldia berrezartzeko hitza ez du bete
Mahai Orokorraren urriaren 23ko bileran Funtzio Publikoaren sailburuorde Andres Zearretak 35 orduko lanaldia berriro ezartzeko Jaurlaritzaren erabakia adierazi zuen, eta horrela Mahai Orokorraren 2010. urteko akordioa, EAEko Administrazioko langileen lanaldiari buruzkoa, beteko zela. Gaurko egunean, urtarrilak 13, oraindik ez du bete Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean adierazitako erabaki hura, eta 2015. urteko 1614,5 orduko lanaldiak indarrean jarraitzen du.
Urkulluren gobernuak legegintzaldiaren hasieran hartutako neurri hark, EAEko Administrazioko langileen lanaldia 45 orduz luzatzekoak, ondorio larriak ekarri ditu euskal enplegu publikoaren sektorera, eta hala salatu izan du ELAk. Izan ere, neurri hori erabakigarria izan da 9.000 lanpostu inguru suntsitzeko euskal administrazioan.
ELAk galdatzen dio Eusko Jaurlaritzari 35 orduko lanaldia berrezarriko duen dekretua berehala argitaratzeko. Horrela, lanaldi-luzapena indargatuko zen, eta Mahai Orokorraren 2010. urteko azken akordioaren araberako lanaldia berriro ezarriko.
ELAk berriz ere eskatzen dio Urkulluren gobernuari politikak aldatzeko, enplegu publikoa suntsitzekoa eta lan-baldintzak okertzekoa, hain zuzen; eta ondorioz, 35 orduko lanaldia berriro ezartzeko, ordezpenak lehen egunetik egiteko, eta enplegu publikoaren eskaintzetan egitura-postu eta baja begetatibo guztiak sartzeko. Eta, horrez gain, gure eskakizunak ere badira aldi baterako enplegua finkatzea, galdutako eroste-ahalmena berreskuratzea —aparteko ordainsariaren itzulketa ere barne— eta murriztu diren gainerako lan-baldintzak lehengoratzea (aldi baterako baliaezintasunak, Itzarri...)