ETBko albistegietan, euskaraz
Gure ustez, zorrotz aztertu beharra dago noiz den benetan beharrezkoa Gaur Egun-en gaztelaniazko adierazpenak txertatzea.
- Sanchezek hauteskundeak deitzen baditu: BAI
- Feijóok zentsura mozioa aurkezten badu: BAI
- Kale-inkesta baten emaitzak jasotzen baditugu: EZ
Arlo honetan hobekuntza-marjina handia dugu oraindik. Hala ere, idatzi honen xede nagusia beste bat da: erakunde publikoek hedabideen bidez zabaltzen dituzten komunikazioetan euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtzea, eta zenbaitetan erabat baztertzea ere, gogor salatzea eta deitoratzea.
Horren adibide argia izan zen maiatzaren 27an gertatutakoa. Ezohiko beroaldi betean, albistegietako edizio-taldeak (Gaur Egun eta Teleberriko albistegientzat lantalde bakarra dago) fenomeno meteorologiko hori adituen laguntzaz aztertzea erabaki zuen, eta horretarako Euskalmetera jo zuen. Ondoren, beroaldi horiek osasunean izan ditzaketen ondorioak lantzeko beste pieza bat prestatu zuten, eta kasu horretan Osakidetzara jo zuten.
Bada, Euskalmeten eta Osakidetzaren izenean mintzatu ziren aditu eta arduradunek gaztelania hutsez egin zituzten adierazpenak. Horrenbestez, Gaur Egun albistegian bata bestearen atzetik eman ziren bi pieza horietan gaztelaniazko adierazpenak nagusitu ziren.
Onartezina da erakunde publikoetako ordezkariek eta arduradunek euskarazko komunikabide publiko batean gaztelaniaz hitz egitea; are gehiago, eguraldiari edo osasunari buruzko gai arruntez ari direnean. Euskalmetek eta Osakidetzak lotsatu beharko lukete jokabide horiek agerian uzten duten euskararekiko konpromiso eskasagatik.
Egoera hori behin eta berriz errepikatzen dela ikusita, EITBren zuzendaritzari eskatzen diogu kexa formal bat helaraz diezaiola erakunde horiei, bai eta haien ardura duten sailburuei, EITBren gaineko eskumena duen Kultura sailburuari eta lehendakariari ere.
Era berean, erakunde horiei eskatu beharko lieke, batetik, agerraldi publikoetan euskaraz jarduteko gai diren ordezkariak izenda ditzatela, eta, bestetik, agerraldi horietan euskarari lehentasuna eman diezaiotela; gutxienez, gaztelaniarekiko benetako parekotasuna bermatuz.
Erakunde publikoek informazioa, iragarpenak, analisiak, gomendioak edo ohartarazpenak zabaltzeko euskaraz jarduteko gai ez den hizlari bat hautatzen dutenean, gutxiespen eta errespetu falta larria adierazten diete euskal hiztunei, ETB1eko eta Euskadi Irratiko ikus-entzule eta entzuleei, baita gizarte osoari ere. Gainera, euskararen zaurgarritasun egoera are gehiago larriagotzen dute.