UDALHITZ

ELAk ezinbestekotzat jotzen du urriaren 8ko greba, negoziazioaren blokeoa dela eta

2026/09/25
ELAk ezinbestekotzat jotzen du urriaren 8ko greba, negoziazioaren blokeoa dela eta
EUDELek ez du proposamen berririk aurkeztu soldaten, langileen subrogazioaren, euskararen eta erretiro-planen inguruan, bi urteko negoziazioaren ondoren.

Gaur, irailaren 25ean, Udalhitzeko negoziazio-mahaiaren bilera berri bat egin da. EUDELek azken bileran mahai gainean jarritako oinarrizko gaien inguruan proposamen berri bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, baina ez du aurrerapausorik aurkeztu.

Zehazki, ez da proposamen berririk egon soldaten, euskararen, publifikazioen, erretiroen eta plantillak berritzeko planen inguruan. Soldaten arloan, ELAk salatu du langileek erosteko ahalmenaren galera handia izan dutela. Euskarari dagokionez, sindikatuak adierazi du ez dela proposatu Administrazioaren euskalduntzean aurrera egiteko neurririk, ezta langileei hizkuntza ikastea errazteko neurririk ere. Publifikazioei dagokienez, ez da langileen subrogazioa bermatzen, eta erretiroen zein plantillak berritzeko politiken arloan ere ez da neurri berririk txertatu.

EUDELek adierazi du ez duela proposamen berririk aurkezteko beharrik ikusten, eta ez da negoziazio-mahaiaren hurrengo bilerarik egiteko datarik zehaztu. ELAren ustez, horrek, praktikan, negoziazioa blokeatzea dakar.

Bestalde, EH Bilduk euskararen eta publifikazioen arloan bestelako proposamenak aurkeztu ditu, eta ELAren iritziz, proposamen horiek norabide egokian doaz. Hala ere, soldaten arloan, EH Bilduk EUDELen jarrera bera mantentzen du, eta ez du langileek erosteko ahalmena galtzen jarraitzea saihestuko duen proposamenik egin. EH Bilduk EUDELek gehiengoz aurkeztutako proposamena berretsi du, nahiz eta beste arlo batzuetan bestelako jarrera izan.

Egungo egoeraren aurrean, ELAk ezinbestekotzat jotzen ditu urriaren 8ko greba eta mobilizazioa, EUDEL eta alderdi politikoei erantzun irmoa emateko. Bi urteko negoziazioaren ondoren, ELAk egoera desblokeatzeko eta Udalhitz berri bat adosteko eskatu du; akordio horrek sektoreak behar dituen edukiak eta udal langileen aldarrikapenak jaso beharko lituzke.