Trumpi globalizazioaren galtzaileek eman diote botoa

2016/11/09
Donald Trump AEBetako presidentetarako hauteskundeetan garaile atera delarik, ELAko nazioarteko harremanen arduraduna den Laura Gonzalez de Txabarrik esan du "gaur konplexurik gabeko eskuin muturra, zeharo xenofobo eta homofoboa, ari da sistemaren aurkako sentimendua kapitalizatzen". Hau Europan ere gertatzen ari da, esaterako Frantzian (non Fronte Nazionala hazten ari den), edota Britainia Handian (Brexitaren arrakasta).

AEBetakoa norabide horretan doan beste urrats bat da, Gonzalez de Txabarriren arabera, “ez baita politika kapitalaren zerbitzura jarri; kasu honetan kapitala bera aurkeztu eta hauteskundeak irabazi ditu".

ELAren aburuz beharrezkoa da ezkerreko alternatiba erradikala, ezartzen ari diren politikarekin erabateko haustura adierazi eta gizarteko sektore handiak pairaten ari diren arazo laboral eta sozialei erantzungo diena.

ELAko nazioarteko arduradunak nabarmendu duenez, "orain batzuk emaitza deitoratzen dutenean hipokrisiaz jokatzen dute; deitoratzeak ez du ezertarako balio egoera honetara garamatzaten zergatiak aztertu eta borrokatzen ez badira".