Osakidetzak 30 milioi xahutzen ditu erantzungailu automatiko batean, lau urteren buruan erabiltzeari uzteko

2014/02/04
ELAk diru-publikoa modu honetan xahutzea onartezina dela uste du. Gure gobernuariek beste autonomi erkidego batzuetan horren egunerokoak diren erosketa faraonikoen beharrean zeudela dirudi.

Patxi Lopezen agindupean zegoen Eusko Jaurlaritzak Osakidetzeko korporazio mailako telefono-zitak hartzeko UTE bat azpikontratatu zuen, horretarako deiak kudeatzeko IVR deituriko makina bat erosi zuen eta 30 milioi gastatu zituen zerbitzuan. Gobernu aldaketaren ondoren deien kudeaketa irizpideak aldatu egin dira eta makinak bere erabilera galdu du.

ELAk diru-publikoa modu honetan xahutzea onartezina dela uste du. Gure gobernuariek beste autonomi erkidego batzuetan horren egunerokoak diren erosketa faraonikoen beharrean zeudela dirudi. Diru-galera hau are larriagoa da murrizketa orokorrak diren eta Osakidetzako langileen eros-ahalmena %17 jaitsi den egoera honetan.

Era berean, deien kudeaketaren aldaketa honek 17 langileren iraizpena suposa dezake eta Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du argitu beraiekin zer gertatuko den.

Telefono bidezko zitak osasun-erakunde bakoitzak kudeatuko ditu hemendik aurrera, modu zentralizatuan hartu beharrean, oraindik ere ez dakigu karga berriei aurre nola egin behar zaion.

Bestalde, Osakidetzak ez du oraindik argitu erakunde guztirako zerbitzuak nola kudeatuko diren, asebetetze-inkesta orokorrak nork egingo dituen, bularreko minbiziaren inkestak ere nola kudeatu behar dituzten, hurbileko zerbitzuak gainezka daudenean deiak nork hartuko dituen, telefono-zenbaki korporatiboekin zer gertatuko den, asteburu eta jaiegunetako deiei nola egingo zaien aurre...

Horregatik, ELAk uste du egungo lanpostuak mantentzeko nahikoa lan-karga dagoela eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten dio hemendik aurrera ekipoen zentzuzko erosketa politika bat izan dezan.