Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua desegitea eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari
Prentsan argitaratu diren informazioak ikusirik, ELAk eskatu dio Nafarroako Gobernuari berehala desegin dezala Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua, zeina UGT, CCOO eta CEN patronalarekin batera iragarri duen. Izan ere, aipatutako erakundeek 20 urtez aurrekontu publikotik etorritako diruaz mantendu baitute beren sare klientelarra, egitura, gastu eta liberatuen soldatak barne.
ELAk ohartarazi dio Nafarroako Gobernuari UGT, CCOO eta CENi Enplegu Planeko ehundaka milioiei buruz erabakitzeko ahalmena emanez gero, konprometituko litzakeela Asturias, Extremadura edota beste autonomi-erkidegotan desegin diren moduko finantzaketa irregularreko sare batekin; sindikatu horietako arduradun batzuk dagoeneko atxilotuta daude, beren sindikatuko gastuak prestakuntzarako diru publikoz ordaindu zituztelako.
Hain zuzen, ELAk ezinbesteko deritzo Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzorde bat eratzeari, argitze aldera nora joan diren ehundaka milioi euro (1998 eta 2015 bitartean Enplegu Planetan erabilitakoak), asteburu honetan ezagutu diren ebidentziek adierazten baitute irregulartasunak denbora luzez izan direla, eta UPN eta PSNko gobernuen garaian “Elkarrizketa Soziala” delakoaren izenaren pean ezkutatu zituztela. Hortik, ardura politikoak zein etorkizunerako irakaspenak atera beharko lirateke.
ELAk gogoratu nahi du luzaz sindikatua bera izan dela salaketa publikoa bizirik mantendu duena; orain, ebidentziak hain agerikoak direnez, egia azkenean ezagutu egingo da eta gauzak bere lekuan jarriko ditu. Esaterako, laster irekiko da ELAren demanda medio izango den epaiketa, UGT, CCOO eta CENekin sinatutako hitzarmenak direla eta, hau lege estatalak berariaz debekatzen zuen arren.