ELAk hilabeteko greba deitu du etxez etxeko banaketan, lanaldi zatitua ezartzeagatik
ELAk hilabeteko greba deitu du datorren ekainaren 8tik aurrera Bilbondoko (Basauri) Eroskiko etxez etxeko banaketa zerbitzuan. Zerbitzu hori Erdella Expres SL enpresak kudeatzen du, eta enpresak plantilla osoari lanaldi zatitua aldebakarrez ezartzea erabaki ondoren hartu da erabakia.
Langileek orain arte lanaldi jarraitua zuten, aste batean goizeko txandan eta hurrengoan arratsaldeko txandan egiten zuten lan. Hala ere, enpresak jakinarazi du ekainaren 1etik aurrera langile guztiek lanaldi zatitua egin beharko dutela, aurretik negoziazio prozesurik abiatu gabe.
Plantilla gaur egun 18 langilek osatzen dute, horietatik 11k kontratu finkoa dute eta 7 aldi baterakoak dira. ELAren arabera, lanaldi zatituak kalte handia eragiten die langileen lan eta bizi baldintzei, besteak beste, familia kontziliazioa suntsitzen duelako, bizitza pertsonalerako denbora murrizten duelako eta enpresaren inposizioan oinarritutako lan harreman eredua betikotzen duelako.
ELAk enpresari neurri hori bertan behera uzteko eta lan baldintzak negoziatzera esertzeko eskatu dio.