Gatazka-giroa piztuko da hemendik gutxira Nafarroako metal alorrean
Egindako proposamena aztertu eta gero, ELAk ikusten du astindu bat eman nahi zaiela metalgintzako langileen lan-baldintzei. Hain kostata lorturiko hobekuntzak kolpe batez kendu nahi dituzte, azken lan-erreformaren alderdirik atzerakoienak ezarriz. Eta ELA horren kontra dago goitik behera.
Patronalen proposamenaren bidez urte luzetan egindako borroken ondorioz lorturiko lan-eskubideak kolpe batez ezabatu nahi dituzte (antzinatasun-osagarria kendu, baja medikoaren lehenengo lau egunetan soldataren %50 ordaindu, oporraldia adostasunik gabe zatikatu ahal izan, ordaindutako baimenak). Horrez gain, onartu ezinezko bestelako eskaerak ere egin dituzte, besteak beste, gehiegizko malgutasuna —lanaldiaren %10—, zeina modu irregularrean banatuko baita gorantz edo beherantz, eta beste 48 ordu gehigarri, akordioaren legezko esparrua gehiegikeriazkoa, diru truke 40 ordu gehiago sartu ahal izatea urteko lanaldiaren gainetik, urteko egutegia araugabetzea, soldata-izozketa, lanbide-kategoria berri bat ezartzea —oraingoak baino apalagoa—, akordioaren soldatak ez aplikatzeko salbuespena alde bakar batetik erabaki ahal izatea, aurrera-eragina urtebetera mugatzea...
Patronalen proposamenak, zenbait arlotan, UGT-CCOO sindikatuen oniritzia eta adostasuna ditu: 2012ko urtarrilaren 25eko Negoziazio Kolektiboaren Akordioan bezala, orduan ere antolakunde horiek errua bota zieten zati batean soldatei lehiakortasun-galeragatik eta oraingo egoeragatik, eta beraz ontzat eman zituzten lanaldiaren %10 modu irregularrean banatzea, 40 ordu gehigarri sartzea, mugigarritasun funtzionala enpresaren nahierara, osagarri aldakorrak soldata-egituretan sartzea, %0,5eko igoerak Brent petrolioaren nazioarteko prezioari lotuz. Gainera, Estatuko Metal Hitzarmenaren Negoziazio Kolektiboaren Egiturazko Akordioan (AENC), 2012ko urtarrilaren 11koan, adostu zuten ordura arte Nafarroan negoziatzen genuen 18 gai aurrerantzean Estatuko esparruan negoziatuko direla. Gainera, akordio horien sinatzaileen ustez beharrezkoa da akordio kolektibo bat egitea, enpleguari begirako prestakuntza-saioak antolatzea, eta kapital/lana gatazka gainditzea enpresaren esparruan gatazkaren gainetik adostasuna sustatuz.
ELAren iritziz, ordea, patronalen irizpideak zeharo aldatu ezean, eta lan-erreformak lehertu nahi izan dituen baldintza sozio-laboralak bermatu ezean, gatazka-giroa piztuko da hemendik gutxira.
ELAn sinetsita gaude, gaur atzo baino gehiago, langileriari eta Nafarroako gizarte osoari lapurreta handi bat egiten ari zaiola, langileen errentak enpresarien eskura uzten ari direla, arlo publikoa nabarmen pribatizatzen ari dela, eta herritarrak, oro har, pobretzen ari direla. Horregatik, klase-borrokaren ikuspegitik, plantillak antolatu eta sindikalizatu behar ditugu, langileentzat hain kaltegarriak diren proposamenak geldiarazteko neurriko borroka prestatze aldera, eta enpresetan agertzeko diren gatazka eta zezio ugarietan irabazte aldera.