ELAk salatu du hau ez dela behar den kutxen bat-egitea

2011/03/24
ELAk salatu du hau ez dela behar den kutxen bat-egitea
ELAren hiru presidenteek BBK, Vital eta Kutxaren bat-egiterako itxi zuten akordioa sindikatu honen Kutxa eredutik oso urrun dago. Ez da hau behar den bat-egitea. Igor Izagirre, zerbitzuak federazioko idazkari nagusiak adierazi du hitzartu den akordioan alderdien artean boterea banatzeko interesak izan direla nagusi; herritarren interesak, batik bat langile-klasearenak, baztertu egin dituztela.

Igor Eizagirre, Zerbitzuak federazioko idazkari nagusiak gogoratu du joan den otsailaren 23an ELAk plazaratu zuela kutxentzako eredu bat, honako puntuekin:

·        Integrala izatea (hiru kutxena, honek ez duelarik esan nahi uko egiten zaionik Hego Euskal Herri osorako kutxari, hots, CAN ere sartzeari).

·        Egun Kutxen jokabidean nagusi den joera neoliberala zuzentzea.

·        Aurrezki-kutxen proiektuaren izaera soziala finkatzea.

·        Kutxa berriaren konpromisoa lortzea euskal gizartearekiko, herritarren zerbitzurako eta Euskal Herriaren garapen ekonomiko zein sozialerako.

Eizagirrek esan du “akordiotik ezagutu dugunari erreparatuta, puntu horietako bakar bat ere ez da aintzat hartu” ELAren ustez hitzartu den akordioan alderdien artean boterea banatzeko interesak izan dira nagusi; herritarren interesak, batik bat langile-klasearenak, baztertu egin dituzte.

ELA Zerbitzuak-eko idazkari nagusiak esan du akordio honekin “finantza-aktiboak eta langileak banketxe bateko parte izatera pasa daitezke. Horrekin bankarizaziorako atea irekitzen da, edo bestela esanda, gure kutxen pribatizaziorako. Honela kutxa baten bene-benetako funtsa galtzen da, Caja Navarra-Banca Cívicarekin gertatu den moduan”.

Eizagirrek adierazi duenez, ELAk “BBK eta Vital Kutxako sindikatu nagusi den aldetik, akordio honek zuzenean edo zeharka eragindako kolektiboaren lan-baldintzen aldeko borroka egingo du”. Hain zuzen, salatzeko modukoa da hiru kutxen informazio eta gardentasun eza: “Akordio honen ardura dutenek frogatu beharko dute ez dela enpleguaren eta langileen kolektiboaren kalterako izango; zoritxarrez, honelako bat-egiteen kasuetan hori ari baita gertatzen”.