Bizkaiko zahar-etxeetako langileak eta senideak, elkarrekin manifestazioan
Deialdi honetako lehen egunean egoitzetako langilek bat egin dute grebarekin, lanuzteekin eta mobilizazioekin; nahiz eta patronalek lantokietan presio handia egin eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan. Gutxieneko zerbitzu horiek eragotzi dute greba-eskubidea erabiltzea hainbat txandatan eta hainbat egoitzatan.
Sektoreko patronalek proposamen bat aurkeztu zuten urriaren 4an Lan Harremanen Kontseiluan. ELAren iritziz, proposamen hori arduragabekeria eta begirunea galtzea izan zen langileentzat eta egoitzetako egoiliar eta haien senideentzat, horiek guztiek jasaten baitituzte zerbitzuaren gabeziak, Bizkaiko egoitzen arreta-kalitateari buruz egindako txostenetan agertu den bezala. Patronalen proposamen horretan, hain zuzen, sei euroko soldata-igoera eta bi orduko lanaldi-murrizketa eskaini dituzte, eta ezetz borobila eman diete garrantzi handiko gai batzuei, besteak beste, oraingo ratioak eta lan-kargak hobetzeari.
ELArentzat arduragabekeria ere bada Bizkaiko Foru Aldundiak, zerbitzuaren azken erantzulea izan arren, gatazkan nahasi nahi ez izatea eta konponbiderik ez proposatzea; gatazka horrek eragin zuzena baitu zerbitzuaren kudeaketan eta milaka herritarren ongizatean. Gure ustez gatazkari konponbideak bilatzea Bizkaiko Erakunde Gorenari ere badagokiola, zeren Erakunde horretatik ateratzen dira diru-sailak, gero enpresa azpikontratatuetara doazenak, zerbitzu hori ematearen truke; eta zerbitzu hori behin eta berriz jarri da zalantzan, patronalen beren, aldundiaren beraren eta egoitzetako erabiltzaileen esanetan.