Aernnovan mehatxua ez da amaitu

2015/11/17
Aernnovan mehatxua ez da amaitu
Gaur, 130tik gora langile kaleratzeko kontsulta epea ireki zenetik 10 egun igarota, AERNNOVAko zuzendaritzak premiaz deitu duen bileran iragarri du kontratuak amaitzeko EEEa erretiratu egingo duela, eta beraz, berehalakoan izan zitezkeen despidoak. ELAren aburuz mehatxua ez da amaitu: enpresak nabarmendu du eutsi egiten diela bere asmoei.

ELArentzat hau albiste pozgarria da; plantillari zorionak helarazi nahi dizkiogu iraupen luzeko lasterketa honetan lehen helburua lortu duelako; esan dugun moduan, lasterketa hasi besterik ez da egin. Gure ustez, enpresak zentzuz jokatu du, bere xantaiak ez baitzuen inolako funts eta oinarririk; halere, zalantzazko egoeran daude oraindik Berantevillako 550 langileak.

Mehatxua ez da amaitu: enpresak nabarmendu du eutsi egiten diela bere asmoei, "lehiakortasun baldintzei" eta "ahalmen produktiboaren soberakina"ri dagokienez; horregatik, ez dago motiborik plantilla lasai gera dadin. Lanpostuak arriskuan egon litezke laster.

Enpresak ez du enplegu eta bideragarritasun bermerik ematen; ez du agintzen lan-karga bilatuko duenik, ezta datozen asteetan erabaki traumatikorik ez duenik hartuko ere. Horixe da, hain zuzen, ELAk zuzendaritzari eskatzen diona.

Gure ustez Aernnova enpresa bideragarria da, osasun bikaina duena; sindikatuak tinko eusten dio geure esku dauden bitarteko guztiak baliatzeko konpromisoari, Berantevillako enpleguaren duintasunari eta langileen baldintzei erasotzeko mehatxua dagoen aldioro.

Azkenik, dei egiten diegu gasteiztarrei antolatutako mobilizazioetan parte har dezaten, borroka ez baita amaitu, enpleguarentzako bermerik ez duen iragarpen honen ondoren ere.