Mitxel Lakuntza: “Eusko Jaurlaritza galduta dago, ez du etorkizunerako plan estrategikorik”

2021/05/27
Mitxel Lakuntza: “Eusko Jaurlaritza galduta dago, ez du etorkizunerako plan estrategikorik”
Eusko Jaurlaritzak enplegua sortzeko eta industriarako plangitza estrategikorik ez duela deitoratu du gaur Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Egun on Euskadi saioan eskaini duen elkarrizketan. “Gobernua galduta dago”, ziurtatu du. Horren adibide dira Tubacex edo Euskaltel enpresekin gertatutakoa, besteak beste.

ELAk, aldiz, enplegua sortzeko eta babesteko proposamena egina duela gogorarazi du: “Enpresa estrategikoak defendatzeko eta trantsizio ekologikoa bideratzeko funts bat sortzea proposatu genion Jaurlaritzari, 2. 300 milioi eurokoa eta enpresen bidez findantzatutakoa. Baina Jaurlaritzak ez du aintzat hartu, eta politika industrialik gabe jarraitzen dugu”.

Bide horretan, Azpeitiako Corrugados enpresarekin gertatutakoaren harira piztutako ika-mika “kanpaina politiko” baten baitan kokatu du Lakuntzak. “Arantxa Tapiaren eta Jaurlaritzaren asmoa izan da lehia politikoa piztea enplegua bezalako gai garrantzitsu batekin”. Gainera, Corrugados kudeatu nahi duen enpresak egitasmoa azaldu bai, baina ofizialki ez duela ezer aurkeztu azpimarratu du idazkariak: “2013an EAJ eta EH Bilduk onartu zuten Corrugados herrigunetik ateratzea. Hori da orain arte dagoen akordio ofial bakarra”. Gainera, Arantxa Tapia Ingurumen sailburua ere badela gogorarazi du, eta irizpide horiek alde batera utzi izana "bitxia" dela adierazi du.

Bestelako gaiak ere landu dituzte elkarrizketak: pentsioak, zergak... Ikusgai duzue elkarrizketa osorik.