Eusko Jaurlaritzak Confebaski edukirik gabeko mahai bat eratuz babesa eman dio, jakin arren gezurretan ari dela

2014/12/05
Eusko Jaurlaritzak Confebaski edukirik gabeko mahai bat eratuz babesa eman dio, jakin arren gezurretan ari dela
Mila lagun inguruk hartu du parte gaur goizean Confebask patronalaren egoitza aurrean izan den agerraldi batean, honako goiburuarekin: "Confebask nos quiere ilegalizar. Askatasun sindikalaren alde". Bi sindikatuetako idazkari nagusiek, Adolfo Muñoz Txiki eta Ainhoa Etxaidek hitz egin dute bertan. Muñozek esan du "Jaurlaritzak Confebask elikatu egiten du", eta edukirik gabeko elkarrizketa soziala kritikatu du.

Ikusi bideoa

ELAko idazkari nagusiak bere hitzaldiaren hasieran gogoratu du ELAk eta LABek gure herriko langileen %60 ordezkatzen dutela, eta "patronalak ez duela nahi lan-harremanak indibidualizatzeko asmoak inolako oztoporik izan dezan".

"Hori nahi du patronal honek, zeinak bere ordezkaritza inoiz ez duen egiaztatu, arazo ekonomiko larriak dituen eta finantzaketa publikoari esker lobby lanak egiten duen, hain zuzen soziala den guztia hondatzeko", nabarmendu du Txikik.

Halaber, Muñozek esan du Eusko Jaurlaritza "bere politika neoliberalen aurkako ekintza sindikal eta sozialak" gogaitu egiten duela, "eta planteatzen du eginkizun hori ezin dugula sindikatuok izan; zigorra ezartzeko mehatxua ere bota du". "Confebask eta Jaurlaritza puntu askotan bat datoz; horregatik halabeharra da atzoko Mahai horretan batera agertzea. Jaurlaritza honek ez dauka inolako gaitasunik erretorika eduki erreal bihurtzeko, helburua gu deuseztatzea izanagatik".

Atzo gobernuak, Confebaskek eta UGT eta CCOOek eratu zuten elkarrizketa sozialeko mahaiari buruz ELAko idazkari nagusiak berretsi du hori ez dela "ez elkarrizketa, ez soziala". Galdera bota du: "Nola liteke 'elkarrizketa soziala' deitzea desberdintasuna areagotzen duten politikak?" .

"Hutsa dagoen zerbait janzteko eskenaratze bat ikusiko dugu. Aurrez erabakita zeuden aurrekontuko atalak batuko dituzte, Nafarroan bezala, Jaurlaritzak hasieran egin nahi zuen emaitza berbera lortzeko . Oraingoan ere agerian geratuko da propagandak hartzen duela politikaren lekua. Bitartean, gobernuak doikuntza eta murrizketa politikari eusten dio".