Milaka pertsona elkartu dira Bilbon bestelako eredu sozial eta ekonomiko baten alde
Adolfo Muñoz “Txiki”k beste politika fiskala aldarrikatu du gizarteak dituen beharrei erantzuna emateko.“ELArentzat fiskalitatea lehentasunezko gai da”, azpimarratu du.
Muñozek salatu duenez ogasunek gero eta diru gutxiago biltzen dutela eta, bien bitartean, eztabaida fiskala gizartearentzat itxita mantentzen dutela, aberatsei, iruzurgileei eta ebasorei babesa emanez. “Kontua zergak ez ukitzea izan da, eta egin diren aldaketak axalekoak izan dira. Ez da egia alternatibarik ez dagoenik”, azpimarratu du. Era honetan, Europako bataz-besteko presio fiskala izango bagenu 6.000 miloi gehiago eskuratuko genituzkeela azpimarratu du.
ELAko idazkari nagusiak azaldu du defizitaren obsesioa dela agintzeko aukera duten alderdien hautu bakarra. “Euskal administrazioek horri men egiten badiote estatuaren delegazio bihurtzen direla. Urkulluri murrizketak ez egiteko exijitzen diogu. 1250 miloi gutxiago izateak murrizketa, pobrezia eta langabezia gehiago ekarriko du”.