BIZKAIKO METALA

Plataforma bateratua aurkeztu diote patronalari

Plataforma bateratua aurkeztu diote patronalari
ELAk adierazi du FVEMek jada ez duela inolako aitzakiarik sektoreko hitzarmenaren negoziazioak blokeatzen jarraitzeko. Patronalak sindikatuen aldarrikapenei entzungor egiten badie, ELAk sektorea aktibatzearen eta mobilizatzearen alde egingo du.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek plataforma bateratua aurkeztu dute Bizkaiko Metalaren negoziazio-mahaiaren bileran. Sindikatuek proposamena aurkeztu diote FVEMri, Bizkaiko metalgintzako enpresen patronalari, eta honek dokumentua aztertzeko denbora behar duela adierazi du. Patronalak hurrengo negoziazio-bileran, urriaren 29an, erantzun beharko du.

ELAren arabera, patronalak ez du aitzakiarik negoziazio sektorialak blokeatzen jarraitzeko. Azpimarratu du inflazioaren testuinguruan (irailean %4,9koa izan zen), beharrezkoa dela negoziazioan aurrerapausoak ematea.

Bizi-kostuaren igoerak eragina du Bizkaiko metalgintzako langileen egoeran, bereziki elikagaien eta energiaren prezioen gorakadaren ondorioz. Aldi berean, ELAk salatu du sektoreko enpresek etekin handiak pilatzen jarraitzen dutela.

ELAren iritziz, negoziazioan aurrera egiteko bidea sektoreko langileen mobilizazioan eta borrokan datza. Sindikatuak adierazi du mobilizazioek patronala benetako negoziazio batera eta eduki zehatzak jasoko dituen hitzarmen batera bultzatu beharko luketela.