Nafarroako gobernuak euskararen aurka daraman kanpaina salatu du ELAk
EGIAZTATZEN DUGU:
Nafarroako Gobernua gure gizartearen errealitate anitz eta koloretsutik gero eta urrunago dagoela.
Horrenbeste urte boterean egon ondoren, botere hau gogor erabiliz, batzuetan hiritarrak nahasten dituela eta baita sinistarazi ere benetakoa dela beraiek sortu duten Nafarroa birtuala.
Nafarroako Gobernuak ez du kezkarik izan Nafarroako errealitatearen aniztasuna desitxuratzeko, bai errealitate kulturala zein linguistikoa, soziala edota politikoa. Errealitateari uko egin dio eta herritarrak etxean atzerritar sentiarazi ditu.
Gobernatzen gaituenak hezkuntzaren arloa (toki pribilegiatua) aukeratu du halako manipulazioa bultzatzeko, hezkuntza komunitatean etengabeko alarma eta ustezko izualdi giroa sortuz.
SALATZEN DUGU:
UPN-PPren gobernuek 15 urte daramatzatela D eta A ereduak jazartzen eta gutxiesten; diktadura-garaiaren negua eta gero, urterik urtera hazkuntza nabaritu baitute abian jarri ziren unetik. Ereduok gizartearen babes gero eta handiagoa dute Euskal Hizkuntza eta Kulturari ematen dioten errespetua eta bultzakadagatik.
Aipatutako gobernuak ez du lotsarik izan ereduoi aurre egitearren, amuak sartu dituela onartzeko, bai irakasleak eta bai familiak beraien interes partidistaren bideetatik eramateko.
UPN-PPk sortu duten hezkuntza sistema gizartearen kohesio kulturalaren aurkakoa dela eta sistema honek eragin duela ikasleriaren zati garrantzitsu batek ez ezagutzea, eta batzuetan baita baztertzea ere, Nafarroaren berezko ezaugarri garrantzitsu batzuk.
UPNren gobernuak Nafarroako euskal errealitatearen aurka egin dituen azken erasoek onar daitezkeen muga guztiak gainditu dituztela; esaterako, D ereduko irakasle taldeari egindako ikerketa ideologikoari babesa ematea, edota beraien gustokoak ez diren D eta A ereduetan erabiltzen diren materialen jazarpen inkisitoriala.
EXIGITZEN DUGU:
Gobernuak har ditzan beharrezko neurriak, bai legezkoak eta bai judizialak irakasleen, zentroen eta iraindutako ereduen izen ona berrezartzeko.
Ikuskaritza Zerbitzua ez dezatela erabili geletan erabiltzen diren materialak gaitzesteko, material hauek azaltzen baitute Nafarroako benetako errealitatea, bai gizartearena eta bai kulturala ere.
Eskoletan hamarkadaz hamarka erabili izan diren material pedagogikoak errespeta ditzatela, material hauek errealitatea azaltzen laguntzen dutelako. Horietatik asko Nafarroako instituzioek egin eta banatu dituzte, bai Iruñeko Udalak, Hezkuntza Departamentuak edota Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzak. Material hauetan Euskal Hizkuntzaren mapa agertzen da, eta baita Euskal Herri kultural eta linguistikoarena ere, errealitate ukaezina baita. Material hauen artean azpimarka ditzakegu:
-
“Pamplona se dice Iruñea”, Harbelex Taldea, 1987, Iruñeko Udalak argitaratua.
-
“Euskara, Denona”, Joseba Intxausti, 1990, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentuak argitaratua.
-
“Euskal Herria, el país de la lengua vasca”, Joseba Intxausti, 1991, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzak argitaratua.
Gobernuak berriro ekin diezaiela informazio kanpainei, “Elige euskara, elige futuro” (1992) bezalakoa, ikasleen matrikulazioa euskal ereduetan bultzatzeko, beste garai batzuetan egiten zuen bezala; Nafarroako hizkuntzen ezagutzak, kanpoko hizkuntzaz gainera, dakartzan etekin pertsonalak eta sozialak azpimarratuz.