Langile murrizketen ondorioz, zerbitzuaren kalitatean okertzea salatu du ELAk
Ordiziako San Jose egoitzan pasa den urtarrilaz geroztik greba mugagabean daude, lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren borrokan. Kabia foru organismo autonomoak egoitzaren kudeaketa Zaintzen enpresari esleitu zion 2025ean eta ordutik, enpresa langileak murriztu nahian ibili da.
Urriaren 1ean enpresak uda aurretik egindako kaleratze eta murrizketez gain, berriro erizain laguntzaileen lan orduak (ratioak) murriztu ditu eta honek langileen lan kargak igo eta euren artean sortu duen estres eta antsietateaz gain, erabiltzaileei ematen zaien arreta kalitatea nabarmen okertzea ekarri du.
Erabiltzaileak zaurgarritasun egoera batean daude eta eguneko ordu tarte batzuetan solairu batean gainbegiratuko dituen erizain laguntzailerik gabe gelditu dira. Erorketak egon dira emandako murrizketa hauengatik eta gosari, bazkari eta afari orduak atzeratzea ekarri du, baita siesta orduak ere. Mediku agindu batzuk ere ezin izan dira bete.
Murrizketa hauen ondorioz, gaueko langileek egin behar izan dituzte erabiltzaileei garbitasunak, goizeko 7etan erabiltzaileak jantzita berriro ohera sartuz, goizeko langileak ezin baititu bestela garbitasun denak egin.
Hau guztiagatik, ELAk salaketa jarri du Foru Aldundiaren gizarte politiketako ikuskaritzan. Izan ere, pertsonengan zentratutako zaintza eredu bat defendatzen ari dela berresten du instituzioak baina hau bateraezina da ratio jaitsierekin.
Maiatza aurretik, erizain-laguntzaileek 126 orduko arreta eskeintzen zieten egoitzan dauden 55 erabiltzaileei. Urriak 1ean inposatutako murrizketen ondorioz, 80 orduko batazbestekoa eskeintzen ari dira urrian (70 eta 90 orduen arte). Lehen baino 6 erizain-laguntzaile gutxiago daude eguneko. Lehengo ratio mailara bueltatzea eskatzeko berriz, ELAk helegitea jarri du sozial epaitegian.
Hau guztia salatu, Foru aldundiari eskua hartu dezala eskatu eta egoitzako langile ratioak leheneratu eta erabiltzaileen eskubideak errespetatzeko eskatzeko langileek azaroak 18an, arratsaldeko 18:00etan Ordizian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu ditu langile, senide zein bestelako eragile zein herritarrak.