Eskubide Sozialen Kartak deia egin die alderdiei Programa Sozialaren edukien inguruan konpromisoak hartzera

2015/05/14
Eskubide Sozialen Kartak deia egin die alderdiei Programa Sozialaren edukien inguruan konpromisoak hartzera
Kartaren Koordinazio Nazionaleko kideok agerraldia egiten dugu gaur hauteskunde kanpainaren testuinguru honetan alderdiei bi mezu helarazteko: eragileei partehartzeko aukera ematea eta Programa Sozialaren edukien inguruan konpromisoak eskatu.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileen oharra:

Batetik, alderdi politikoen aldetik konpromisoak eskatzen ditugu Programa Sozialean jasotako eskubide eta aldarrikapenak berma ditzaten.

Bestetik, edozein alderdi gobernuan egonda ere, eragile sozial eta sindikalen partehartzerako bideak zabaldu beharko liratekeela uste dugu. Duela hilabete batzuk aurkeztu genuen Programa Sozialean adierazten genuen moduan. “Jendartearen partehartzea bermatzea” izan behar da ardatzetako bat, eta honen baitan:

(8. puntua) Instituzio guztiak berregituratu, politika ororen diseinu, erabaki hartze eta kontrolean jendartearen parte hartze demokratikoa ahalbidetzeko.

- Politika publikoen ebaluazio, kontsulta eta erreferendum lotesle prozesu errealak ezartzea ezinbestekoa da.

- Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua nahiz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietan eragile sindikal eta sozialen parte hartzea ahalbidetuko duten bitartekoak ezarri.

Ideia hau burujabetzarekin eta erabakitzeko ahalmenarekin zeharo lotuta dago. Horrela adierazten genuen Programa sozialaren 16. puntuan:

Arlo ekonomiko eta sozialean ahalmen normatibo osoa eskuratzeko burujabetza prozesua sustatu

Bestelako jendarte eredua defendatzen dugunontzat, eremu ekonomiko eta sozialaren gainean erabakitzeko ahalmena funtsezko helburua da.

Aipatu dugunez, mobilizazioa da neurri hauek posible egiteko gure bidea. Horregatik, euskal jendarte osoari dei egiten diogu, hemen eta orain, prozesu hau bere egin dezan, euskal herritargoari agiri honetan jasotzen diren eskubide sozialak bermatuko dizkioten erabaki politiko eta instituzionalak har daitezen.

Aldaketa soziala eskatu eta aldarrikapenak baditugula adierazteko kalera atera ginen milaka herritar martxoaren 14an, Iruñea eta Bilbon. Orduan instituzioak interpelatu genituen, Programa Sozialean jasotako eskubideak eurenak egin eta berma zitzaten. Erantzuna, salbuespenak salbuespen, hotza izan zen. Gaur, hauteskunde kanpaina betean dauden alderdiengana jotzen dugu, Programa Sozialean jasotakoen inguruan konpromiso zehatzak eskatuz.

Mobilizazioa eta interpelazioaz ez dira gure egiteko bakarrak, eredu berria lantzen ari gara beste eragile askorekin batera. Horren erakusgarri dugu urriaren 24an Bilbon antolatuko den Alternatiben Herria. Orain ekimen anitz eta zabal hau definitzen ari gara eta datozen egun eta asteotan jasoko duzue honen berri.

Bestalde, Donostian ekainaren 6an burutuko den Alternatiben herrixka ekimenean ere parte hartuko dugu.