15 greba egun Getxoko kale garbitzaileek
Bi aste daramate greban Getxoko Cespa-Asaser enpresako kale garbitzaile eta hondakin biltzaileek. Orduz gero ez dute enpresaren partetik inolako proposamenik jaso eta konponbiderako aukerak beharrean okerrerako keinuak gehiago izan dira. Langile Batzordeak ikuskaritzan salaketa jarri du enpresak grebalariak ordezkatu dituelako era sistematiko eta konszientean: grebalariek egin beharreko funtzioak betetzeko kanpoko enpresa bat kontratatu dute, dekretuak finkatutako funtzioak baino gehiago egitea exijitu dieten zerbitzu minimoak egiteko izendatutakoei eta dekretuak finkatutako herriaren eremukako zatiketa ez errespeatzeaz gain euren erara interpretatu dute. Gauzak horrela eskirolajearekin amaitzeko exijitu diete Cespa-Asaserri eta baita Udalari ere.
Grebalariak haserre daude gatazkan Udalak erakusten duen pasibotasunarekin. Udalak ez du gatazka bere egiten eta kontu horretan ardurarik ez balu bezala jokatzen du. Grebalariek eskatzen diote Udalari ,eta bereziki alkate den Imanol Landari, gatazkaren konponbiderako neurriak har ditzatela.
Urtea amaitu aurretik erretiratuko direnen lanpostuak betetzea (15 hain justu), soldatak KPIaren araberako igoera izatea eta hitzarmeneko gainerako baldintzak errespetatzea da eskatzen dutena.