ELAk presioa areagotu du hitzarmena bete dadin
ELAk mobilizazioekin jarraitzen du Gizarte Ekimeneko irakaskuntzako zentroetan, 2024ko greba amaierako akordioa osorik betearaztea eskatzeko. Gaur, ehun ordezkari baino gehiago bildu dira Gasteizko Egibide ikastetxearen aurrean egindako elkarretaratzean.
ELAk azaldu duenez, zenbait ikastetxek jada aplikatzen dute eskola ordu bat murriztea patronalaren jarraibideei muzin eginez, baina gehienek oraindik ez dute neurri hori ezarri; tartean, Egibidek berak. Hori dela eta, ELAk zentroei neurri hori berehala aplikatzeko eskatu die, eta patronalei hitzarmena adostutako baldintzetan ixteko.
Urtarrilaren 20an ELAk deituta greba egin zuten langileek, eskola orduaren murrizketari buruzko epaiketarekin bat eginez, eta sektoreko langileek babes handia eman zioten; gainerako sindikatuek, ordea, ez zuten bat egin deialdiarekin.
Otsailaren 13ko negoziazio-mahaian, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek adierazi zuten ez zutela EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia beteko eta Auzitegi Gorenera joko zutela. Hala ere, martxoaren 30ean, Auzitegi Gorenak soldatei buruzko epaia berretsi zuen, eta argi utzi zuen greba amaierako akordioak hitzarmenaren balioa duela eta bete egin behar dela, bertan sinatutako edukiak ez daudelako finantzaketari baldintzatuta.
ELAk, gainera, salatu du patronalek oztopoak jartzen dituztela akordioaren beste eduki batzuk betetzeko ere, besteak beste birkokapena posible izan ez den kasuetan urteko 26 lan eguneko kalte ordaina ordaintzea.
Egoera honen aurrean, sektorean gehiengoa duen ELAk bide juridikoa aktibo mantentzen du, eta aldi berean negoziazioa eta mobilizazioak sustatzen jarraituko duela adierazi du, sektoreko langileen baldintzak hobetzeko helburuarekin.