Garbikuntzako ordezkariak Madrilen elkarretaratu ziren probintzia hitzarmenaren defentsan
Irailean egin zuten lehenengo bilera, negoziazio-mahaia eratzekoa, helburu bati begira: garbikuntza-sektorearen estatu-esparruko lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzea. Bilera hartan ELAk bere desadostasuna agertu zuen negoziazio harekin, hurrengo argudio hauetan oinarrituz:
-
ELAk ez du bere egiten estatuko esparrua.
-
Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako bakoitzak badu bere hitzarmena, garbikuntza-sektorearen lan-baldintzak arautzeko.
-
Estatuko esparruak lurralde-negoziazioak hustu eta hutsaldu nahi ditu, eta sektoreko lan-baldintzak lorrindu.
Harez gero zenbait bilera egin da, eta haietan ELAk salatzen zuena gertatzen ari da. Azken bileran ASPEL estatuko patronalak hitzarmen-zirriborro bat aurkeztu zuen, non sektorearen negoziazio kolektiboa egituratzen zen, eta zenbait gai estatuko esparrurako gordetzen ziren.
Egiturari dagokionez, patronalak enpresa-hitzarmenak desagerrarazi nahi ditu. Garbikuntza-sektorea gehienbat azpikontrataturik dago; hori dela-eta, sektore publikoarekin parekatzeko dinamikak ugaldu dira azkenaldian. Aurrerantzean enpresa-hitzarmenak negoziatzerik ez badago, pikutara joango dira parekatzeko asmo guztiak; eta beraz azpikontratazioaren eskutik doan prekarietatea betiko finkatuko da.
Soilik estatuko esparrurako geratzen diren gaiei dagokienez, probintzia-hitzarmenak edukirik gabe geratuko dira, eta hala salatzen du ELAk. Estatu-esparruaren gai esklusiboen artean subrogazioa dago. Gai hori funtsezkoa da lanpostua gordetzeari begira, batez ere hain azpikontrataturik dagoen sektore horretan.
Galiziako CIG sindikatuko kideek ere bat egingo dute gurekin protesta-ekitaldi horretan.