ELAk berriro salatu du lanerako segurtasun eza AHTko obretan
47 urteko langile bat hil egin da gaur goizaldean Tolosan egiten ari diren AHTko obretan bere hormigoi-kamioia amildu denean. Honez gero bost langile hil dira AHTko obretan.
ELAk lehenago ere salatu izan du obretan segurtasun egokirik ez dagoela, hitzarmen probintziala ez dela aplikatzen eta langileek baldintza txarretan dihardutela, batzuk egunean 12 ordu ere lan egiten dutelarik. Honetaz gainera, aipatu beharrekoak dira informazio eza eta obretako arduradunek lan sindikalari jartzen dizkioten oztopoak; ordezkari sindikalek ezin dute lanak zertan diren aztertu, lan- eta segurtasun-baldintzei dagokienez. Hau guztia obren sustatzaile den Euskal Euskal Trenbide Sarea eta Eusko Jaurlaritzako Garraio sailaren bedeinkapenarekin; hauen interes bakarra obrak lehenbailehen burutzea da. Izan ere, negozioa gailendu egiten zaio langileen biziari.
Ezkutukeria hau ELAk Lan Ikuskaritzan behin eta berriz salatu izan du. Hain zuzen, Ikuskaritzak joan den uztailaren 28an AHTko arduradunei agindu zien ELAko ordezkariei Ormaiztegin egiten ari diren obretan sartzen uzteko, gehienbat Euskal Herritik kanpoko enpresentzat lanean ari direnei informazioa ematearren. Halere, gaur ere ukatu egiten digute sartzeko aukera.
ELAk, euskal gehiengo sindikala osatzen duten beste sindikatuekin batera, bilkura bat deitu du datorren ostegun eguerdirako (irailak 8) Tolosako Plaza Zaharrean, hildakoaren senideei elkartasuna adierazteko eta AHTko obretan dagoen segurtasun eza salatzeko.