Gipuzkoako papergintzako lan hitzarmena ez du sinatu ELAk

2016/04/13
Gipuzkoako papergintzako lan hitzarmena ez du sinatu ELAk
ELAren ustez orain sinatu den aurreakordioak esan nahi du enpresek edukiak ez aplikatzeko ahaleginetan jarraitu ahal izango dutela. Iazko azaroan eta abenduan papergintzako langileek sei egun greba egin zituzten eta ordutik hona LAB, CCOO eta UGT sindikatuak sektorea desmobilizatzeko ahaleginetan aritu direla adierazi du ELAk.

Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmenean urtebetez luzatu den borroka baten ostean, CCOOek, LABek eta UGTk gaur ADEGIrekin aurreakordio bat sinatu dute.

Aurreakordio horrek ez die enpresei inolako oztoporik jartzen ORPRICCEra jotzeko hitzarmena aplikatu nahi ez duten kasurako, eta enpresetan indarrean dauden Nonstop itunei buruz sartzen dun paragrafoak ez du inolako balio juridikorik.

Gogoratu beharra dago ELAk eta LABek elkarrekin egin genuen plataforman bi puntuok ezinbestekotzat jo genituela aplikatzeko bermea izango zuen hitzarmena lortze aldera.

Bi sindikatuok uste genuen artikulu horiek ezarriz gero Gipuzkoako papergintzako enpresetatik kanpo utziko genuela Erreforma Laborala, eta horrexegatik egin zituzten langileek sei greba-egun gogor. ELAk deitoratu egiten du ordutik aurrera gainerako sindikatuek desmobilizatzeko egin duten lana.

Langileen borroka eta grebaren jarraipen handia ikusita, ADEGIk klausula horiek erosteko ahalegina egin du, horretarako eskainte ekonomikoak eginez.

Orain sinatu den aurreakordioak esan nahi du enpresek edukiak ez aplikatzeko ahaleginetan jarraitu ahal izango dutela, Hitzarmen Probintzialari zein Nonstop Itunei dagokienez. ELAk borrokan jarraituko du Hitzarmenaren edukiak aplikatuko direla bermatu arte.