Irakasleen aurkako erasoen aurrean ezinbestekoa da prebentzioa handitzea
Hezkuntza Sailak iragarri berri duenez, irakasleei AUTORITATE PUBLIKO izaera indartzeko dekretua onartzeko asmoa du. ELAtik, oso garbi adierazi nahi dugu langileen ongizatea babesteko neurri guztiak aztertzea beharrezkoa dela, eta ez soilik autoritate, diziplina edo zigor neurriak gogortzea.
Erasoak ezin dira modu isolatuan aztertu; irakasleen estres maila altuek, lan-karga gero eta handiagoek, ratio jasanezinek, plantillen egonkortasun ezak, laguntza talde multidisziplinarren faltak (psikologoak, gizarte langileak, etab.).. gertaera hauekin lotura baitute. Protokoloaren zirriborroak berak aitortzen du, egoera konplexuen aurrean langile-baliabideen egokitasuna, espazio eta denboren antolaketa, laguntzak eta prestakuntza aztertu beharko direla.
ELAtik garbi dugu lehentasuna erasoak eta arrisku-egoerak aldez aurretik aztertzea eta aurreikustea izan behar dela, eta horretarako ezinbestekoa dela laneko arriskuen prebentzio eraginkorra egitea, baliabideak handituz, ratioak murriztuz, plantillak egonkortuz, beharrezko espezialisten laguntza gehituz, etab. Protokoloak berak laguntzak indartzea, antolaketa egokitzea eta lan-arriskuen prebentzio-ebaluazioa egitea aurreikusten duen arren, neurri horietako asko aukeran uzten ditu, Hezkuntza Sailaren betebehar gisa ezarri beharrean.
Irakasleak babestea ez da soilik gure autoritatea indartzea, prebentzio neurri eraginkorrak bermatzea da: langile talde nahikoak eta egonkorrak mantentzea, ratio egokiak ezartzea, espezialista desberdinen partehartzea sustatzea, koordinaziorako denbora handitzea, etab. Eta bada garaia irakasleen lan-osasuna erdigunean jartzeko! Ez dugu segurtasunaren inguruko eztabaida gero eta neurri zigortzaileagoetara eramatea nahi, arazoaren egiturazko arrazoiak bere horretan mantentzen diren bitartean.
Gure Hezkuntza Publikoa ezin da neurri zigortzaileekin soilik eraiki!
Lan baldintza egokiak bermatuz eraiki behar da!