ELAk salatu du 37 udalerrik Ertzaintzaren polizia-eredua aukeratu dutela, beren eskumenei uko eginez
Joan den ostegunean, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren LEP bateratuaren oinarriak argitaratu zituen Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean. Testua aztertu ondoren, ELAk salatu nahi du eskainitako lanpostuen % 21ak ez duela inolako euskara eskakizunik izango eta ez direla herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuko, ezta langile publikoek herrialdeko bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko duten eskubidea ere. Beste behin, Eusko Jaurlaritzak eta tokiko erakundeek herritarren hizkuntza eskubideak urratzearen aldeko apustua egiten dute. ELAren ustez, horretarako aitzakia gisa ustezko berme juridikoa erabiltzea oso larria da, berme juridiko hori Euskal Poliziaren Legea aldatuz lor daitekeelako eta, horrela, plaza guztiek euskara eskakizuna dutela bermatuz.
Bestalde, ELAk salatu nahi du EAEko 37 udalerrik, tartean hiru hiriburuek, beren eskumenak alde batera uzten dituztela eta Ertzaintzaren egungo eredu poliziala bere egiten dutela Udaltzaingoko kide berrientzat. Zerrenda horretan EH Bilduko Errenteria edo Tolosa bezalako udalak daude, alderdi politiko bereko erabakien norabidearen kontra doazenak. Izan ere, EH Bilduk LEP prozesu propioak egitearen alde egin du Azpeitia, Zumaia edota Getarian eta lehenago Ondarroa, Lekeitio edo Markinan.
ELArentzat oso larria da 37 udalerrik eta Eusko Jaurlaritzak hautaketa-eredu horren alde egiten jarraitzea, Udal Polizietan arazo eta gabezia kezkagarriak ekarri baititu, hala nola:
• Egiturazko langileen falta kezkagarria. LEP bateratuarekin ez dira plaza asko betetzen udal askotan, eta erakunde horietako askotan behin-behinekotasuna % 40 ingurukoa da.
• Plantillen errotazioa erabat onartezina da, eta ondorio larriak ditu langileentzat eta herritarrentzat.
• Inguruko errealitatea eta indiosinkrasia ez ezagutzea, eta horrek kalte larria egiten die bai herritarrei bai udaltzainei.
• Herritarrei ez zaie euskarazko zerbitzurik bermatzen.
• Poliziaren etengabeko homogeneizazioa, Udaltzaingoak ordezkatu izan ohi duen gertuko Polizia izaeraren kalterako.
Gauzak horrela, Arkauteko Akademia erabat gainezka dagoenean, udaltzainei ematen zaien prestakuntza-eredua Ertzaintzari eskeintzen zaion bera da, funtzio desberdinak dituztenean. ELAren ustez, Udaltzaingoaren zeregina asistentziala eta prebentzio arloetan ardaztu beharko litzateke, hurbilekoa den Polizia ereduan, tokiko errealitatean errotua. Norabide horretan urratsak emateko unea da.
Azkenik, ELAtik gure kezka azaldu nahi dugu Udaltzaingoko agenteek Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean tiro-praktikak egiten dituztela dioten azken berrien inguruan. Gutxienez Andoain eta Tolosako Udaltzaingoekin lankidetza honek, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak zuritu eta normalizatzea dakar, eta udaltzainentzat zein herritarrentzat kaltegarria den polizia-eredu batean sakontzea.