Gamesako langileek kalte-ordainak kobratu dituzte kaleratzeak baliogabetu ostean

2016/05/05
Gamesako langileek kalte-ordainak kobratu dituzte kaleratzeak baliogabetu ostean
Altsasuko Gamesak langile kaleratuak berriro onartu nahi izan ez dituenez, kaleratze bidegabeengatik beste epaiketa batzuei egin behar izan die aurre, eta azkenean erreklamatu duten langileei enpresan sartu ziren lehen egunetik, ordaindu behar izan dizkie kalte-ordainak, deuseztaturiko EEE ezertarako kontuan hartu gabe, aurtengo apirilaren 27ra arte, egintza judiziala gauzatu den egunera arte. Hori horrela, 2010ean kobratu ziren kopuruak bikoiztu egin dira.

Hasiera-hasieratik ELAk adierazi zuen ez zegoela batere arrazoirik —logika, antolamendu, ekonomia edo ekoizpenaren aldetik— lantegi hori ixteko. Horregatik, alde batetik, plantilla sendo sindikalizatu batean oinarrituz, eta beste aldetik, zerbitzu juridikoetan, estrategia bat prestatu genuen lantegia irekita mantentzeko, eta hortaz 130 lanposturi eusteko —horietatik erdiak emakumeenak—.

Altsasuko Gamesaren jokabidea, Nafarroako Gobernuarena, Lan Ministerioarena eta UGT nahiz CCOO sindikatuena oztopo izan dira Gamesako plantillaren borroka sindikalak bere bidea urratu zezan, eta lantegiaren geroa ziurtatu zezan. Gamesaren erabakia frustrazio-iturri izan zen bai langileentzat, bai eskualdeko biztanleentzat. Zeren lantegi hori esanguratsua izan da Sakana osoan, eta deslokalizazio hori garai hartan gertatu ziren itxiera-bolada baten azkena izan zen.

Edonola ere, ELAren zerbitzu juridikoek azken sei urte hauetan oso emaitza onak lortu dituzte: lehendabizi, Madrilgo Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak eta gero Auzitegi Gorenak, 2015eko azaroan, zuzenbide osoz deusez deklaratu dute Gamesaren itxiera, gorago aipaturiko arduradunak berariaz gaitzetsiz. Horren ondorioz, eta Gamesak langile kaleratuak berriro onartu nahi izan ez dituenez, kaleratze bidegabeengatik beste epaiketa batzuei egin behar izan die aurre, eta azkenean erreklamatu duten langileei zerbitzu-aldiko urte guztiengatik, enpresan sartu ziren lehen egunetik, ordaindu behar izan dizkie kalte-ordainak, deuseztaturiko EEE ezertarako kontuan hartu gabe, aurtengo apirilaren 27ra arte, egintza judiziala gauzatu den egunera arte. Hori horrela, 2010ean kobratu ziren kopuruak bikoiztu egin dira.

Gogobetegarria izan da ikustea, lan-erreformen gainetik, eta enpresaren jokabide maltzurra eta guzti, merezi izan duela antolatzeak eta gure eskubideen alde borrokatzeak. Izan ere, afiliazio handiko plantilla bat eta zerbitzu juridikoen ongi egitea uztartzen badira, GAMESA bezalako enpresei horrelako jokabideak ez zaizkie dohainik ateratzen.