bizkaiko erresidentziak

ELAk Aldundia interpelatu du lehen greba egunean

ELAk Aldundia interpelatu du lehen greba egunean
Enpresek eurek egindako arriskuen ebaluazioek ondorioztatu dute egungo lan baldintzek ondorio kaltegarriak dituztela langileen osasunean. Horretaz jakitun badira ere, patronalek malgutasuna, prekaritatea eta lan kargak handitzea planteatu dute, baita 600 eurotik gorako murrizketak eta erosahalmenaren galera ere. Hurrengo negoziazio mahaia azaroaren 26an izango da.

Bizkaiko erresidentzia eta etxebizitza komunitarioetako langileek, ELAk deituta, greba eguna izan dute. Hiru greba egun daude deituta: azaroaren 19rako, abenduaren 17rako eta urtarrilaren 21erako. Goizean goizetik, manifestazioa egin dute, Guggenheim museotik eta Bizkaiko Foru Aldundiraino.

Bertan, erakunde publikoari helarazi dizkiote euren aldarrikapenak. Hamar hilabete baino gehiagoko negoziazioaren ondoren, langileek "onartezintzat" jo dute patronalek, GESCAk, LARESek eta ELBEk, egindako proposamena. Izan ere, negoziazioan malgutasun handiagoa eta erosahalmenaren galera sartu nahi dituzte, 600 eurotik gorako murrizketekin. Sindikatuak azpimarratu du negoziazioa desblokeatzeko ardura patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak dutela.

ELAren ustez, proposamen horiek langileen osasunerako arriskuak alde batera uzteaz gain (enpresek egindako arrisku psikosozialen ebaluazioek ohartarazi dituzte), sektorearen prekarizazioan sakontzen dute. Sektorean 5.800 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute, eta gehienak emakumeak dira.

Hamar hilabete baino gehiagoko negoziazioaren ondoren, langileek beren aldarrikapenak helarazi dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari, bera baita zerbitzuaren arduradun nagusia. Eskarien artean, honako hauek nabarmentzen dira: lan osasuna hobetzea, lan kargak eta erritmoak murriztea, nahitaezko txanda kontratua ezartzea, plantillak handitzea eta enpleguaren egonkortasuna, kontratu mugagabeen eta lanaldi osokoen bidez. Era berean, soldata hobekuntzak eskatu dituzte, Gizarte Ugazpenerako Foru Erakundearekin (GUFE) parekatzeko eta astean 32 orduko lanaldia.

ELAk patronalei eskatu die murrizketa proposamenak bertan behera uzteko eta langileen aldarrikapenei erantzungo dieten neurri zehatzak aurkezteko. Grebalariek Bizkaiko Foru Aldundiari eta sektoreko patronalei gogorarazi diete oraindik garaiz daudela eskari horiei erantzuteko datorren azaroaren 26rako aurreikusita dagoen negoziazio mahaian.

Langileak abenduaren 17an eta urtarrilaren 21ean aterako dira berriro kalera.