CONASA – Nafarroko Gobernuko mantenimentu informatikoa

Beste hiru hilabeteko greba hasi dute Nafarroko metalaren merkataritzako hitzarmena aplikatzeko eskatuz

2026/10/26
Beste hiru hilabeteko greba hasi dute Nafarroko metalaren merkataritzako hitzarmena aplikatzeko eskatuz
Computadores Navarrako (Conasa) hardware arloko langileek bigarren greba txanda hasi dute, oraingoan 3 hilabeteko iraupenekoa, irailean 15 egun egin ondoren, enpresak atal horretako langileen lan baldintzak beste ataletako langileen lan baldintzekin parekatzea ukatu ostean.

Conasak Nafarroako Administrazio Publikoaren eta Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen parke informatikoa eta eremu pribatuko beste enpresa asko mantentzen ditu. 275 pertsonako plantilla du. Batzordea ELAko 8 ordezkarik, CCOOko 3k eta UGTko 2k osatzen dute. Grebak, hardware atalean dauden langile guztiei eragiten die. Hau da, guztira 26 pertsonari.

Atal honetako langileek Nafarroako metalaren merkataritzaren hitzarmena aplikatzea eskatzen dute, enpresan oro har aplikatzen dena. Lorpen hau 2022an Computadores Navarrako plantilla grebara joan ostean iritsi zen. Izan ere, enpresa zuzendaritzak aholkularitzen estatuko hitzarmena aplikatzeko ahalegina egin zuen eta grebaren bitartez hau gertatzea ekidin zuten langileek lan baldintzen prekarizazio orokorra galaraziz.

Hain zuzen ere, prekarietate hori da hardware ataleko langileek pairatzen dutena, geroago enpresan sartu izanagatik. Greba honekin beren lan baldintzak gainerakoenekin parekatzea besterik ez dute eskatzen, antzeko funtzioak betetzen ari baitira.

ELAk, gainera, salatu nahi du enpresa bere langileen greba eskubidea urratzen ari dela, gutxieneko zerbitzuen gehiegizko interpretazioa eginez eta grebalarien berezko funtzioak ordeztuz. Garrantzitsua da azpimarratzea oinarrizko eskubide baten urraketa hori instalazio publikoetan eta Nafarroako Gobernuak kontratatutako zerbitzuetan egiten ari dela. ELAk urraketa hori lan ikuskaritzan salatu du, eta, era berean, azkar jokatzeko eskatu dio, horrelako legez kanpoko jarduerak iraileko greban ere egin baitziren.