Langabeziak behera egiten du baina langabe geratzen direnen egoerak okerrera egin du

2016/12/02
Langabeziak behera egiten du baina langabe geratzen direnen egoerak okerrera egin du
Langabeziagatiko prestazioak murrizten ari dira eta horien hartzaile kopuruak behera egin du langabeziaren murrizketak baino gehiago; hortaz, hartzaileek kopuru txikiagoak jasotzen dituzte eta langabe geratzen direnen zati handiagoak ez du inolako prestaziorik.

2016ko azaroan 176.616 pertsona egon dira langabezia egoeran Hego Euskal Herrian, urrian baino 3.261 gutxiago eta aurreko urtean baino 17.195 gutxiago. Langabeen %55,4 emakumeak dira eta 12.587k 25 urte baino gutxiago ditu.

Egin diren kontratuak 112.016 izan dira, ia denak aldi-baterakoa izanik: %93,3 mota horretakoak izan dira, hain zuzen. Kontratu kopurua aurreko hilabetekoa baino 10.951 baxuagoa izan da azaroan, baina urtebete lehenagokoa baino 9.603 handiagoa. Tenporalitate mailak, aldiz, bere horretan segitzen du: iazko hilabete berean %93,5ekoa izan baitzen.

Urriko langabeziagatiko prestazioei dagokienez, guztira 70.138.000 euro bideratu ziren langabezian zeuden 68.898 hartzekodunentzat. Horrek esan nahi du soilik langabeen %38,3ak jaso zuela prestazioren bat bere egoeragatik; hortaz, langabeen %61,7 inolako babesik gabe geratu zen.

Aurreko urteko datuekin alderatu ezkero, 12,3 milioi euro gutxiago bideratu dira aurten langabeei prestazio bidez babesa ematera. Horrez gain, prestazioen estaldurak behera egin du: 2015eko urrian langabeen %58,8 baitzegoen inolako babes motarik gabe. Langabeko batezbesteko gastuak ere behera egin du azken urtean, iazko urrian 419,26 eurotan kokatu baitzen eta aurtengoan 389,92 eurotan.

Egoera honetan, uka ezina da Europar Batasuneko egoera txarrenetakoa dugula langabezia tasa, aldi-baterakotasun maila eta prestazioen estaldurari dagokionez.