“ELA traba bat da soldaten murrizketen aurrean, eta gizarte-kohesioa sendotzeko bermea"

2014/05/01
“ELA traba bat da soldaten murrizketen aurrean, eta gizarte-kohesioa sendotzeko bermea"
10.000 lagunetik gora parte hartu dute ELAk Maiatzaren Lehena dela-eta Bilbon deitutako manifestazioan. Aurrez, Adolfo Muñoz, idazkari nagusiak, errepasatu egin ditu oraingo egoera ekonomikoa, soziala eta politikoa. ELA traba bat dela soldatak murriztetak nahi dutenentzat eta gizarte-kohesioa sendotzeko ahaleginetan jarraituko duela, adierazi du Muñozek. Bestalde, ELA bezalako sindikatu batentzat, duen autonomia politikoaz hain harro dagoen sindikatu batentzat, ez dago ezer politikoagorik afiliazioa eta militantzia baino, azpimarratu du

ELAko idazkari nagusiak bere hitzaldiari ekin dio esanez oraingo egoera ekonomikoak eta haren ondorioek luze joko dutela, sinestarazi nahi digutena baino urrutirago joko dutela. “'Ateratzen ari gara’ diote. Bost urtez daramate gauza bera esaten. Arazoa beti berbera da: ez da egia, gure jendeak ez du nabaritzen. Alderantziz, gure jendea gero eta okerrago bizi da. Gobernuak ez dira gauza ezetz esateko benetan agintzen dionari, kapitalari, eta propaganda egiten aritzen dira. Tamalez, luze joko du”.

Adolfo Muñozek errepasatudu oraingo egoera ekonomikoa, soziala eta politikoa; batez ere bost puntu ardatz hartuz: aurrekontuetako eta zergetako politikak salatzea, eta enpleguarekin eta elkartasunarekin bateraezinak direla azpimarratu; gobernuek eta patronalak soldatak jaisteko duten helburua salatzea; Kutxabanken pribatizazioa gutxiestea; euskal erakundeek industria-politikarik ez dutela egiaztatzea; gizarte-elkarrizketarik, ezta antzekorik ere, ez dagoela aldarrikatzea; eta azkenik ezinbesteko antolakuntza-giltzarriak aztertzea, azken 35 urteotan mugimendu sindikalak izan duen erronkarik handienari aurre egite aldera.

AURREKONTU- ETA ZERGA-DIZIPLINA VERSUS ENPLEGUA ETA ELKARTASUNA 

Puntu horrekiko, Muñoz hurrengo galderari erantzuten saiatu da: Zer egiten dute benetan gobernuek? “Bada, erabakitzea, gastuaren bidetik, lehentasuna defizita betetzea dela, eta zorra ordaintzea; eta, zergen bidetik, Europako politika fiskalik bidegabeena mantentzea. Aurrekontuak onestea edo ez onestea kontu hutsala da. Hori horrela, hurrengo urteetan defizita murrizten jarraitu behar dela erabaki dute (hori hitzarturik dago Rajoyrekin eta troikarekin), eta zorra ordaindu behar dela, bankaren mesedetan, horretaz baliatzen baita espekulatzeko. Horren ondorioz murrizketak aurrera doaz”. 

Gogora ekarri zigunez, oraingo eskema hau ezaguna da, joan den mendearen amaieran hori bera erabili baitzuten Latinamerikan Nazioarteko Diru Funtsak eta Mundu Bankuak. “Eta politika horiek, han eta hemen, azken arrazoiak dira langabezia, pobrezia, desberdintasunak, eta diziplina politikoa areagotzeko, eta demokrazia urardotzeko. Egoera horretan, defizitaren eta zorraren diziplina onartzen bada, eta zerga-politika erabat aldatzen ez bada; ez dago alternatibarik politikan, ez da aldaketa politikorik edo sozialik izango". 

INBOLUZIO ANTIDEMOKRATIKOA ETA ERREFERENTZIA POLITIKO BERRIEN BEHARRA

Espainia gaur eredu antisozial eta inbolutiboa dela azpimarratu du. ikuspuntu politiko zein sozialetik. Krisiaz baliatzen ari dira autogobernuaren osagaiak desegiteko, osagai hauek ezinbesteko direlarik politika sozialagoa egiteko, PPren politikatik desberdintzeko.

Zergatik ukatzen du Eusko Jaurlaritzak PPren Gobernuaren inboluzioaren ebidentzia? Zergatik tematzen dira esaten estatuarekiko bilateraltasuna ondo doala, nabarmena denean politikako esparru guztietan hori ez dela horrela? Espainiar estatuak sistemaz ukatzen du gure herriaren nortasuna autodeterminazio eskubidea aitortuz aintzat hartzeko aukera; eredu sozial ultraliberal bat inposatzen du, eta erregenerazio demokratikorako aukera orori muzin egiten dio. Bestalde, estatuaren erabateko ukapen hori zentzuz kudeatuta aukera bihur liteke. 

SOLDATEN JAITSIERA

Idazkari nagusiak oso ontzat jo ditu ELAren ahaleginak negoziazio kolektiboaren arloan. “Frogatzen ari gara emaitza onuragarriak lor daitezkeela erreformak eta guzti, bai sektore-negoziazioan, bai enpresa-mailako negoziazioan. Hainbat sektoretan erreforma aurkako klausulak hitzartu ditugu, eta KPIri loturiko soldata-erreferentziak. Ekintza sindikalaren bidez egin dugu, eta batzuetan bakarka; zenbait sektoretan gainerako sindikatuen laguntzarik gabe. Gipuzkoako eta Bizkaiko egoitzak, eskola-garraioa, Bizkaiko ehunkien merkataritza, gasolindegiak... 300 enpresa-hitzarmenetik gora sinatu dugu. Hitzarmen horiek, enpresetakoak, erreformari eta blokeo patronalari eman dakiokeen erantzunik onena da. Gainera, erakutsi dute lan-baldintza duinak antolakuntzaz eta borrokaz zaindu daitezkeela".

Alde horretatik, gure sindikatuak soldatez eta enpleguaz bultzatu duen kanpainaren garrantzia nabarmendu du. “Badago diskurtso hegemoniko, ideologiko eta interesatu bat, soldatak jaitsiz enplegua sustatzen dela esaten duena; baina, horren aurrean, ELAk ezetz dio, hori uste ustela dela. Soldatei eutsiz ekonomia errealaren alde egiten da, eta pentsioak, zerbitzu publikoak, osasuna, hezkuntza, gizarte-prestazioak... zaintzen ditugu. Soldatak jaistea onartuz gero, ontzat emango diogu gizartearen pobretzeari, eta hori ELAk ez du egingo”. 

Mintzaldian zehar Adolfo Muñozek gogor kritikatu du patronala, langileei xantaia egiteko, langabezian oinarritzen direlakoan. “Desberdintasunak ugaldu dira, pobrezia zorroztu, eta lan-munduan, soldata-jaitsiera nabarmen baten arrastotik jarraiki gizatasuna galduz doa lan-arloan, eta zapalkuntza hedatu. Izan ere, gero eta sarriago ikusteko dugu, lan egin arren, pobreak diren langileak. Hala onartu du arestian, inolako estalkirik gabe, Enpresarien Zirkuluko buru Oriol andreak: esklaboak nahi dituzte. Eta galdera zera da: Zenbat denbora beharko du gobernuak arrazoia eman arte?”. 

KUTXABANKEN PRIBATIZAZIOA ETA INDUSTRIA-POLITIKARIK EZA 

Adolfo Muñozek azpimarratu du mobilizazio-agenda partekatzeko beharra, pribatizazioaren aurka dauden gainerako sindikatu eta elkarte sozialekin. “Gure esku dagoen guztia egin behar dugu erabaki hori gauzatu ez dadin. Pribatizazioa estatu-kolpea da euskal ekonomia errealaren beharrizanen aurka; urte askoan hartu den erabaki politikorik larriena da. Eta Euskal Herrian hartu da”. 

Horretarako, ehunka aldiz errepikaturiko gezur batean oinarritu dira. Gainera, prozesu osoan zehar amarruak eta trikimailuak nagusi izan dira. “Pribatizatzera “behartzen gaituztela” diote. Gezurra. Ez du inork behartzen pribatizatzera. Gauza asko kolokan dago. Egitekotan, oposizio sozialarekin egingo dute topo. Guk, beste batzuekin batera, antolatuko dugu”.

EZ DAGO ELKARRIZKETA SOZIALIK. KAIOLA BAT DA SINDIKATUENTZAT.

Idazkari nagusiak “elkarrizketa soziala”ren gaiari ekin dio, halaber, Maiatzaren Lehenaren hitzaldian. Muñozen ustez “onartezina” da arduradun politikoren batek eta zenbait gobernuk oraindik esaten jarraitzea ekonomiaren arazoen arrazoia “gatazka-giroa” dela. “Jendaurrean esaten dute ‘borroka soziala kanporatu behar dela'. Zein, baina? Ahaltsuaren aurka ahulak egiten duena? Bidezko defentsan antolatzen duguna? Eskubide laboral eta sozialen aurka inoiz pairatu dugun erasorik sistematikoenaren aurrean, sindikatuei zer eskatu eta bandera zuria ateratzea. Hori bai neurrigabekeria! Hori bai oreka falta! Disidentzia soziala estigmatizatzeko erabakiaren ondorio ere bada jarrera hori. Eta, gauden puntuan gaudela, disidentzia soziala aire freskoa da. Erreferentzia sozial alternatiboak lurperatu nahi dituzte”.

Urkullu lehendakariak –gehitu du- elkarrizketa sozialaren mahai bat abiaraziko du, 'euskal eredu’ bat aurrera ateratzeko. Eta guk galdetzen diogu geure buruari: Zertaz ari da? Zein ‘euskal eredu'? Espainiako legeria aplikatzea? Erreforma guztiak aplikatzea? Eseri orduko, dena patronalaren onerako erabakita dagoen mahai batean? Eta dena esaten dugunean, den-dena da. Hori da politika erreala. Hori, eta propaganda ugari. Gobernuek eta patronalak horri ‘elkarrizketa soziala’ deitzen diote. Espainiako eredua Euskal Autonomia Erkidegora ekarri nahi dute, Nafarroan egin zuten bezala. Badakite zenbateko menpekotasun-maila duten CCOOek eta UGTk finantzaketa-iturri publikoekiko”.

Eusko Jaurlaritza, orain arte, partaide izan da, Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparrua edukiez husteko estrategian. Ez dago ‘euskal eredurik’, ezta ‘euskal esparrurik’ ere, legeria espainiarra aplikatu nahi bada. Euskal Esparruan ez dute sinesten, ez Eusko Jaurlaritzak, ezta Confebaskek ere. Pozaren pozez dabiltza ‘Espainia marka’rekin, prekarietate laboral eta sozialaren parekoa izanik. Ondo doakie marka horrekin. Elkarrizketa soziala kaiola bat da mugimendu sindikalerako, eta hala salatzen dugu ELAtik. ELA ez da egongo, mahai hori azkenean osatzen badute”. 

ANTOLAKUNTZAREN LEHENTASUNA

Hitzaldia amaitzeko, Adolfo Muñozek ELAren proiektu sindikala sendotzeko garrantzia azpimarratu du. Eta hartara, hiru giltzarri eman zuen: autonomia sindikala, afiliazioa eta militantzia. “ELA traba bat da soldaten murrizketen aurrean; gizarte-kohesioa sendotzeko ildotik jarraitu nahi dugu. Horretarako, lehentasuna eman behar diogu antolakuntza-lanari. Eragozpena izango gara, antolaturik gauden neurrian. Hori guztia esan eta gero, ELA bezalako sindikatu batentzat, duen autonomia politikoaz hain harro dagoen sindikatu batentzat, ez dago ezer politikoagorik afiliazioa eta militantzia baino. Oraingo egoerak hartaratzen gaitu: inoiz baino ozenkiago aldarrikatzen dugu autonomia sindikala, gure klasearen interesak zaintze aldera”.

Azkenik, mezu baikorra helarazi nahi zien sindikatuko militante guztiei: “itxaropena kendu nahi digute, baina ez dute lortuko”.