Pribatizazioa jasan duten langileak publifikatzea eta subrogatzea zaintza duintzeko funtsezko urratsa da
ELAk oso modu positiboan baloratu du Galdakaoko Udaleko gobernu taldeak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) bermunizipalizatzeko hartu duen erabakia. ELArentzat, zerbitzu publiko honen kudeaketa zuzena aurrerapen estrategiko bat eta ezibesteko aurrerapauso bat da, zaintzak bizitzaren erdigunean jarriko dituen eredu baterantz joateko, onura pribatuaren logikatik urrunduz.
ELAk gogorarazi du zaintza zerbitzuen publifikazioa izan dela, eta hala izaten jarraitzen duela, sindikatuaren aldarrikapen nagusietako bat. Udalaren erabakiak erakusten du zuzeneko kudeaketa publikoa bideragarria izateaz gain, bide bakarra dela funtsezko zerbitzuak kontrolatzeko eta sektore horretako plantillek, gehiengoa emakumez osatua, historikoki pairatzen duten prekarietateari buelta emateko.
Hala ere, ELAk prozesua amaituta ez dagoela adierazi du. Urrats politikoa irmoa bada ere, subrogatutako langileen egunerokotasunean eragin zuzena izango duten funtsezko alderdiak zehaztu eta finkatzea falta da. Oinarrizko gaiak, hala nola soldata, antzinatasunaren onarpena, eta udal kudeaketaren esparru berrian blindatuta geratu behar duten gainerako lan kontuak.
Sindikatuarentzat, bermunizipalizazioa ezin da titularitate-aldaketa soila izan; aitzitik, egoera oso gogorrean zerbitzua ematen urteak daramatzan langileen lan-baldintzak nabarmen hobetzea ekarri behar du, baita zerbitzua hobetzea ere.
Horregatik guztiagatik, ELAk erabateko prestutasuna adierazi du trantsizio prozesu hau ahalik eta ondoen gauzatzeko behar den guztian elkarlanean aritzeko, negoziatzeko eta elkarrekin lan egiteko.
ELAren helburua publifikazioa prozedura zorrotz eta bermatzaile baten bidez egingo dela ziurtatzea da, langileen eskubideen %100 babestuko duena eta, aldi berean, udalerriko erabiltzaileentzako kalitate goreneko zerbitzu asistentziala ziurtatuko denarekin batera.