Sindikatuek gatazkan esku hartzea eskatu diote Gasteizko Udalari
ELAk, LABek, COOk eta ESK-k mozioa aurkeztu dute Gasteizko Udalaren osoko bilkuran, Arabako Esku-hartze Sozialeko gatazkan esku har dezala eskatzeko. Zehazki, sektorearen zati baten arduradun gisa, patronalaren eta sindikatuen arteko bitartekari lana egitea eskatu diote. Hala ere, mozioa atzera bota dute EAJ-PNV, PSE-EE eta PPren botoekin; alde bozkatu dute EH Bilduk eta Elkarrekinek.
Era berean, azterketa bat eskatu dute jakiteko ea ze kostu izango zuen Udalarentzat ekiparazioak. Sindikatuen ustez, urrats hori funtsezkoa izango litzateke gatazkaren konponbidean aurrera egiteko.
Gaur egun, Arabako Gizarte Esku-hartzearen hitzarmen berria negoziatzen hasi zirenetik urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, oraindik ere aldarrikapen asko ez dira aintzat hartu negoziazio mahaian. Izan ere, patronala, AISA, negoziazioa luzatzen ari da langileen aldarrikapenak kontuan hartu gabe.
Hori posible da, salatu dute, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren adostasunagatik; izan ere, bi erakunde horiek Esku-hartze Sozialaren sektorea finantzatzen dute gure lurraldean, eta, ondorioz, egoeraren erantzuleak dira.
Ikasturteko hurrengo eta azken negoziazio mahaia uztailaren 29an izango da. ELAk, LABek, CCOOk eta ESK-k AISAri exijitu diote sektorearen aldarrikapenei erantzuteko proposamen bat aurkez dezala ordurako.
Bestela, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute.